Aisialdiko begirale ikastaroa Asti Lekun


Ikasturtero bezala, Ikastolen Elkarteko AISIOLAk antolatutako aisialdiko begirale ikastaroa Asti Lekun bertan egin ahal izango dute batxilergoko ikasleek, ostiral arratsaldeetan.
Batxilergoko 1. mailakoek bi ikasturtetan egingo dute: honetan lehenengo zatia burutuko dute, urtarriletik maiatzera, eta 2021-2022 ikasturtean, bigarrena, urritik maiatzera.
2. mailakoek, ordea, ikasturte honetan egingo dute ikastaroa osoa, azarotik ekainera bitartean.
Lehenengo mailakoek bi astean behin izango dute prestakuntza-saioa eta bigarrenekoek, astero.

AISIOLA Ikastolen Elkarteak bultzatutako aisialdiko eskola da. Kalitatezko proiektu hezitzailea da, integrala, euskalduna eta ikastoletan lantzen diren balioetan oinarritutakoa.
Eremu teoriko eta praktikoa duen proiektu honen helburua aisialdiko hezitzaileak heztea da Ikastolen Elkarteak ikastoletan bertan zein bestelako egoitzetan antolatzen dituen aisialdiko ekintzetarako: aisialdiko taldeak, udalekuak, eskolaz kanpoko ekintzak, jantokien dinamizazioa, kirola, tailerrak…

Asti Lekun 2010/2011 ikasturtetik eskaintzen diegu batxilergoko ikasleei ikastaroa ikastolan bertan egiteko aukera. Haietako batzuk, prestakuntza bukatu eta titulua lortutakoan Asti Lekun lan egiten hasi dira, bai udalekuetan (begirale zein zuzendari) eta eskolaz kanpoko ekintzetan, bai jantokia, patioak eta lantegiak dinamizatzen ere.

“Aisialdiko begirale izateak hazkunde pertsonala ekartzen die eta, gainera, etorkizunerako oso baliagarriak diren trebetasunak eta ezagutzak eskuratzen dituzte” azpimarratzen dute AISIOLAtik.
Izena emateko sakatu irudiaren gainean:

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.