Agur Norber, eskerrik asko eman diguzun guztiagatik!


Atzo jakin genuen Norberto Ibáñez lankidea gauean joan zitzaigula. Beraren ondoan lan egin zutenentzat Norbertok aspaldi utzi zion lankidea bakarrik izateari laguna izatera pasatzeko. Eta hauek ondo dakitenez, lankide fina eta bihotz erraldoiko pertsona izateaz gain -batzuetan ipurterre samarra izan arren!-, ikastolako historikoa da Norberto.
1977. urtean bazkidetu zen eta lehenengo unetik bazeukan argi ikastola oso berezia izango zela berarentzat; ez zekien, aldiz, Asti Lekurentzat bera izango zela ezinbesteko bidelaguna, aztarna handia uzten dutenetarikoa.
Ikastolaren alde sutsu eta geldiezin lan egin du urte askoan, jubilatuta egonda ere sarritan etorri zelarik ikastolara, eskatzen zitzaion guztiarekin laguntzera. Baina, hori bai, ahaztu gabe ikastola ere egiten dela pertsonen arteko harremanak indartuz; aisialdiko momentu onek eta umorez eta kantaz betetako bazkari bukaezinek oso oroitzapen politak utzi dizkigute. Izan ere, gure Norber lanean ona bazen, distantzia laburretan, bikaina genuen.
Agur Norber, bazkari mundiala antolatzeko jaki onenak batzen hasita zaudelakoan esaten dizugu agur. On egin!

Norberto, ikastolako bazkari batean, duela gutxi zendu zen Ángel Simón lagun minarekin

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.