Joan den asteartean, Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoaren instalazioak bisitatu zituzten.
La Encartada SA 1892an sortu zen eta 100 urtez egon zen lanean. Kapital soziala 5 indianok jarri zuten –Mexikon dirutza egin zuten emigratzaile bizkaitarrak–, horietako hiru Balmasedakoak. Artilea lantzeari eta hainbat gai egiteari ekin zion, txapelak –bere produktu nagusia–, mantak eta oihalak, eskularruak, bufandak, biserak, buru-berokiak eta, jakina, matazak eta harilkoak.
Lantegiaren inguruan langile-auzo txiki bat garatu zen: langileentzako etxeak, kapera-eskola, zuzendariaren etxea (desagertua), etab.
2007tik, La Encartada Fabrika-Museoa industria-museoa da. Haren eraikinak, makinak eta langile-koloniak garai haien adierazle nabarmena dira, eta bisitak penintsulako iraultza industrialaren hasierako garaietara eramaten gaitu.
La Encartadaren balio handienetako bat makineria-bilduma aparta da, gehiena ingelesa, XIX. mendearen amaierakoa eta XX. mendearen hasierakoa. Ia osorik gorde ditu bere irudia eta hornikuntza teknologikoa, eta ekoizpen-prozesuko elementu guztiak ere osorik mantentzen ditu, lehengaia gordinik jasotzen denetik paketatzeko eta bidaltzeko prozesura arte.