Euskal Joko eta Kirolak ekimena urte osoko proposamena da


Larunbatean Ibilaldiaren baitan gauzatuko den Euskal Joko eta Kirolak ekimena urte osoko proposamena izango da.

Ikastolen jaiek, Ikastolak Herriari dinamikaren baitan, Euskal Joko eta Kirolak ekimena aurkeztu zuten asteazkenean, maiatzaren 19an, Euskadiko Herri Kirol Federazioaren egoitzan.

Euskara eta Euskal kulturaren lehenengo topaketa asteburu honetan bertan burutuko da Sopelan Ibilaldia 2021en atarian, eta arduradunek argi utzi nahi izan dutenez, ekimena ludikoa da. “Lehia egongo den arren, ongi pasatzea da helburua, elkar ezagutu, harremanak estutu eta guztiak txapeldun izatea”.

Ekimen honen helburua Euskal Herri osoan antolatzen diren ikastolen jaietako komunitatea indartzea da. Euskara, Euskal kultura eta euskal joko eta kirolak bateratzen ditu eta urte osoko proposamena izateko jaio da.
“Ikastolen elkartetik Euskal Herri osoan antolatzen diren bost jaietan (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak, Herri Urrats eta Nafarroa Oinez) ekimen bateratu bat antolatzea erabaki dugu aurten. Ekimen hori euskal jolas eta kiroletan oinarritzen da, hau da Herri Kiroletan dauden diziplinez gain beste diziplina ludiko batzuk ere batuko dira eta topaketa horiek Euskal Herriko lurralde guztietan izango dira 18 urtetik gorako pertsonentzako”, azaldu du ekimenaren antolatzaile eta Kilometroen koordinatzailea den Mikel Egibarrek.

“Bertan Sokatira, giza-proba, artzain-jokoa, lokotxak, harria jaso, ingudea, toka, zaku eroatea, dantza eta bertsolaritza probak izango dira”, aurreratu dute.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.