Ikastolaren ahotsak... Argitaratuta

IKASLE-TRUKEAK, BESTE ERA BATEAN

COVID-19AK ERAGINDA BERRANTOLATU BEHAR IZAN DIREN EKINTZETARIKO BAT, ASTI LEKUKO IKASLE-TRUKEEI DAGOKIENA DA. GAINONTZEKO ESPARRUETAN BEZALA, HONETAN ERE EZIN IZAN DITUGU AURREIKUSITA GENITUEN JARDUERA GUZTIAK AURRERA ERAMAN

Bergeneko ikasle-trukeari dagokionez, joaneko bidaia egin ahal izan zuten Asti Lekuko batxilergoko 1. mailako 23 ikaslek, otsailaren 12tik 19ra bitartean burutzeko antolatuta zegoen eta.

Ekintza honen bigarren zatia, aldiz, hau da, Bergeneko ikasleak hona etortzeari dagokiona, ezin izan dugu burutu, norvegiarrak martxoaren 28tik apirilaren 3ra bitartean gurean egotekoak ziren eta. Hasieran ekainean egitea posiblea izango zela pentsatu genuen, baina berehala jakin genuen bidaia bertan behera utzi beharko zela.

Bidaia bai, baina ez ikasleen arteko kontaktua. Harremanetan jarraitu zezaten Norvegiako familiei zuzendutako bideo labur bana egiteko eskatu genien gure ikasleei. Bertan aurrez aurre ezagutu ezin izan dutena aurkeztu behar zieten: norberaren familia, herria, ohiturak, inguruko leku enblematiko eta deigarriak…

Esan eta egin. Gure ikasleen bideoak helarazi genizkien Bergeneko ikasleei, eta hauek, familiei erakusteaz gain, ikastetxean ere erabili zituzten gaztelania ikasten ari diren ikaskideekin.

Aurreikusita geneukan bideokonferentzia, ordea, atzeratu behar izan dugu Norvegiakoek, euren egutegiarekin bat etor dadin, irailerako uzteko eskatu digute eta.

Alemaniako ikasle-trukeari dagokionez, kontrakoa egin dugu. Bertara joatekoak gure ikasleak zirenez, alemanei egokitu zaie aurkezpen bideoa prestatu eta Asti Lekukoei bidaltzea.

Lehen Hezkuntzan ere bazeukaten bidaia bat antolatuta Londres ezagutzeko. Kasu honetan ez zen ikasle-trukerik egingo, ikasleen egonaldia besterik ez zen izango. Edonola ere, ekintza hau ere bertan behera utzi behar izan dugu, eta ikasle nagusiek egin duten antzera, bidaia egingo ez bada ere, berari lotutako ekintza pare bat egin dute online. Batetik, ikasle bakoitzak, bisitatuko zituzten tokietatik bat hartuta, honen inguruko informazioa batu eta bideo labur baten bidez gainontzeko ikaskideekin partekatu du. Bestetik, bideodei bitartez agur esan diote ikasturteari, datorren ikasturtean atzeratutakoa berreskuratu ahal izango delako itxaropenaz.

Asti Leku ikastola

Utzi iruzkin bat