ERRONKA PEDAGOGIKOAK... Argitaratuta

ERRONKA PEDAGOGIKOAK

2020-2021 IKASTURTEA PRESTATZEN HASI ORDUKO ZALANTZA GEHIAGO GENITUEN ZIURTASUNAK BAINO. AURREKO IKASTURTEA MARTXOTIK AURRERA ETXETIK GARATU BEHAR IZAN ZEN, ETA EZ GENEKIEN ORAINGOAN ZEIN AGERTOKITAN HASIKO GINEN, EZ ETA ESZENATOKI HORI IKASTURTE OSOAN ZEHAR MANTENDU AHALKO GENUEN. HORI ZELA ETA, HIRU AGERTOKI AURREIKUSITA PRESTATU GENUEN HASIERA, ETAPA EZBERDINEN BEREZITASUNAK AINTZAT HARTUTA.

  1. AGERTOKIA: AURREZ AURREKOA

HAUR HEZKUNTZAKO BURBUILAK

Haur Hezkuntzako ikasleek musukorik derrigorrez ekarri behar ez zutenez, burbuila-taldeak sortu genituen. Hauek ez zuten inongo kontakturik izango euren artean.

Nahiz eta ikasleren batek musukoa borondatez erabili, positibo baten aurrean gela osoa konfinatu beharko zen, ez baitzegoen bermatuta ume txikiek ondo erabiliko zutenik maskara denbora osoan. 

Egoera berri honetara egokitze aldera, Haur Hezkuntzako proiektuan erabili ohi dugun metodologia aldatu behar izan genuen.

LEHEN HEZKUNTZAN, BI FASE EZBERDIN

Ikasturte hasieran: Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzarako agindutako arau eta neurriak ez ziren HHrako hartutako berberak izan. Izan ere, LHn musukoa derrigorrez  erabili behar dute ikasleek, eta horrekin batera beste neurri eta arau batzuk errespetatu ere (distantzia, eserleku finkoak, materialaren desinfekzioa  erabili ondoren…).

Neurri hauek ondo errespetatuz, positibo baten aurrean ez zen inolako konfinamendurik egingo gelan, kutsatutako pertsonarena, besterik ez.

Urtarrilaren 29tik aurrera: pandemiaren egoera okertzen ari zenez protokolo berria ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak eta handik aurrera positibo baten kasuan, inguruan esertzen ziren ikasleak, kontatu estutzat harturik, konfinatu beharko ziren.  Honen ondorioz:

  • LHko 1. zikloan, ikasleen adina kontuan hartuta, HHkoaren antzeko planteamenduari  eutsi genion: zirkulazio librea bertan behar utzi genuen, gela osoko konfinamenduak saihesteko. Hori zela eta, pasa den ikasturtetik ezartzen ari garen metodologia berria eta berari lotutako jarduerak kendu, aldatu edo egokitu behar izan genituen. 
  • LHko 2. eta 3. zikloan ez zen funtzionamendu-aldaketarik ezarri behar izan, baina bai, konfinamenduei zegokienez, positibo baten kasuan ikasle gehiago konfinatuko ziren eta. 

Eguneroko jardueretan ere izan zuten eragina fase honetako aldaketek eta IKKI metodologia murriztu edo bertan behera utzi behar izan genuen. Hasteko, lau ikasleko taldeetan eserita egotetik, banaka egotera pasatu zelarik. Ikasturtean zehar IKKI-ko egiturak errekuperatzen saiatu gara zenbait unetan, baina pandemiaren egoerak ez digu ahalbidetu.  Azken asteetan, ordea, egitura horiek errekuperatzeko pausuak ematen hasi gara.

DBH ETA BATXILERGOKO ANTOLAMENDU BERRIA

Pandemia hasi baino lehen partekatuak izaten ziren gelen erabilera egokitu behar izan genuen, kasuren batean erabiltzeari uzteraino ere heldu behar izan genuela. 

Liburutegia eta teknologia- eta marrazketa-gelak batxilergoko 1. mailako gela arrunta bihurtu ziren; musika gela, DBH4ko talde batena… 

Orokorrean espazio askoren erabilera berrantolatu behar izan genuen eta horrek era bateko edo besteko eragina izan zuen eguneroko jardueretan. 

  1. AGERTOKIA: ERDIPRESENTZIALA

HAUR HEZKUNTZAKO BEREZITASUNAK BI EGORA EZBERDIN EKARRI DITU

Esan bezala, Haur Hezkuntzako umeak ez daude behartuta musukoa eramatera, eta horrek bi egoera berezi sortu ditu:

  • Gela bateko ikasle bat edo gehiago konfinaturik egotea (ikastolatik kanpoko kutsatu baten kontaktu estuak izateagatik), baina gelako gainontzeko ikaskide guztiak ikastolara normaltasunez etortzea. 
  • Gela osoa konfinatuta egonda (gelan positibo bat egon delako), ikasle bat edo gehiago, egun horietan ikastolan egon ez direlako, klasera etorri ahal izatea: horrelakoetan, euren gelako bakarrak zirenez ikastolan, beste gela batean sartu behar izan ditugu.

Bi egoeretarako Haur Hezkuntzako Konfitxostena garatu dugu, espazio birtual bat (SITEA) non haur konfinatuek behar duten material guztia eskuragarri duten, ikasteko erritmoa galdu ez dezaten. Horrekin batera irakasle berri bat ekarri genuen, otsailetik aurrera, gelaz arduratzen dena tutorea konfinaturik dagoen/dauden ikasleekin TEAMS-en bidezko bideokonferentzia egiten duen bitartean.

LEHEN HEZKUNTZAN, BI FASE EZBERDIN

Arestian aipatu bezala, Hezkuntza Sailak agindutakoaren eraginez, bi fase izan ditugu Lehen Hezkuntzan, eta horrek ziklo bakoitzaren planteamendua baldintzatu du. 

Ikasturte hasieran:

  1. zikloan, tutoreak TEAMS-en bidezko bideokonferentziak egiten saiatu ziren, baina ikasleen adinagatik horren kudeaketa oso zaila egiten zen. Horrexegatik erabaki zuten egun osoan konektaturik egon beharrean, momentu espezifiko batzuk adostea ikasle eta gurasoekin bideokonferentziaz konektatzeko. 

Lanak bidaltzeko EDUCAMOS plataformak eskaintzen dituen tresnak erabili ditugu. Horrekin batera LHko SITEA sortu genuen non ikasleek etxetik lan egiteko behar duten material guztia jasota daukaten. 

  1. zikloan, tutoreek eta irakasleek momentu batzuk adosten zituzten ikasle eta familiekin egunean zehar TEAMS-en bidez konektatzeko. 
  1. zikloan, ikasleak konektatzen ziren taldearekin 1. eskola-orduan eta horrela mantentzen ziren egun osoan zehar. Dena den jarduera batzuek banakako lana eskatzen zutenean (ez azalpenik, ez lan talderik) ikasleak bakarrik egiten zuen eta irakaslea geroago konektatzen zen berarekin.

Otsailetik aurrera, beste irakasle berri bat ekarri zen konfinaturik dauden ikasleekin momentu zehatz batzuetan konektatzeko; baita gelaz arduratzeko ere, tutorea edo irakaslea konfinaturik dagoen ikaslearekin TEAMS-en bidez konektatzen denetan. LH eta HHko SITEak elikatzeko material berriak ere sortu behar izan ditu. Gainera,  ikasketaburuekin koordinatuta, egun ezberdinetan konfinaturik dauden ikasleen jarraipena egiten du, tutoreekin eta irakasleekin agindutako jardueren ikuskapena eta azalpenak adosteko.

DBH ETA BATXILERGOAN

Ikasturte hasieratik tresna informatiko ezberdinak erabili ahal izan ditugu konfinaturiko ikasleekin konektaturik egoteko. Lanak ere aplikazio ezberdinen bidez bidali zaizkie, arlo eta mailaren arabera: Google tresnak, EDUCAMOSeko atazak, mooddle plataformako ikastaroak eta TEAMS (TEAMS izan da ikasleekin bideokonferentziak egiteko erabili dugun tresna).

Dena den,  ikasle batzuk etxean eta besteak gelan izateak taldearen kudeaketa zaildu du, eta gai bera lantzeko metodologia eta jarduera mota ezberdinak erabili behar izan ditugu sarritan. 

Egia da ez dela erraza izan, baina irakasle eta ikasleen ahalegin handiari esker aurrera ateratzea lortu dugu.

  1. AGERTOKIA: EZ-PRESENTZIALA

Egoera hau HHko geletan bakarrik eman da, beste etapetan, ez baitugu izan gela oso bat konfinaturik.

Haur Hezkuntzako ikasleen adinaren araberako SITEak garatzen joan gara ikasturte osoan zehar eta gela bat konfinatu den bakoitzean, familiei sarrera eman zaie ikus zitzaten bertan jasota dauden jarduerak, bideoak, kantak, jolasak… 

IRTEERAK ETA EKINTZA BEREZIAK

Ikasturte hasieran pentsatuta zeuden irteerak ere bertan behera utzi behar izan dira, pandemia noiz hobetuko zain, baina abian jartzen pentsatzen hasi garen bakoitzean egoerak okerrera egin du eta ezin izan ditugu berreskuratu.

Hemendik, eta ikasturte amaierari begira, ordea, irteerak egiten hastea pentsatu dugu. Ikasleen adinaren araberako erabakiak hartzen joango gara.

EKINTZA BEREZIAK, BESTE ERA BATEAN ANTOLATUTA

Era berean, maila edo gela ezberdinak batzeko eskatzen zuten jarduera bereziak ere kendu edo egokitu behar izan ditugu. Batzuk gela barruan burutu dira.  Beste batzuk, kanpoaldean garatu beharrekoak, espazio edo momentu ezberdinetan antolatu ditugu. 

Gauzak horrela, Azaroak 25eko eguna, Olentzero Eguna, Inauteriak, Martxoaren 8a, Kultur Astea, Kirol Eguna… antolatu baditugu ere, jai giroa oso bestelakoa izan da. 

Helduko dira garai hobeak; orain, egoera hobetu bitartean, dagoenera egokitu eta aurrera jarraitu, besterik ez dago.

ORIENTAZIO DEPARTAMENTUAN ERE, ERREFORTZUA

Ezin dugu ahaztu inolaz ere, pandemiaren garai honek guztion egoera fisiko eta emozionalean izandako eragin negatiboa. Umeek eta gazteek bizitza eta errutina guztiak aldaturik ikusi dituzte. Konfinamenduaren osteko udako oporrak “bereziak” izan ziren, eta 2020/2021 ikasturtean, aurrez aurreko eskolak jaso arren, ikastolaren barruko funtzionamendua ere dezente eraldatuta ikusi dute.

Kirola egiteko eta aisialdiaz gozatzeko aukerak ere murriztu dira, baita lagunekin eta familia osoarekin egoteko abaguneak aldatu ere. 

Hori guztia gutxi izango balitz, ikastolako tutore eta irakasleen aholkuak behin eta berriro entzun behar izan dituzte: “arduratsuak izan behar duzue, osasun neurriak bete behar dira…”. 

Honek guztiak ikasleengan izan duen eragin negatiboaren ondorioz irakasle eta Orientazio Departamentuko hezitzaileek inoiz baino esku-hartze handiagoa izan dute. 

Hau dela eta, ikasle beharrizan berriei aurre egiten laguntze aldera, beste langile bat ekarri dugu Orientazio Departamentura.

DIGITALIZAZIOA, BIDELAGUN ONA

Lehenagotik irekita geneukan digitalizazioren bidea nabarmen lagundu digu, bai 2019-2020an guztiok etxean konfinaturik egon ginenean, bai ikasturte honetan etxean izan ditugun ikasleen jarraipena egin behar izan dugunean.

Izan ere, azken hilabeteotan areagotu behar izan ditugu ahaleginak digitalizazioaren esparruan eta argi dugu bide horretatik jarraitu beharko dela. 

Zentzu horretan, aipatzekoa da IKT zerbitzuko langileek eta irakasleek egindako esfortzua aipatzeko moduko da, baita ikasleek eta familiek gurekin izandako pazientzia ere (batez ere tresna eta baliabide digitalak erabiltzerakoan asmatu ez dugunean). 

Utzi iruzkin bat