Ikastolaren ahotsak... Argitaratuta

BATXILERGOKO ERRONKA, GAINDITUTA!

COVID-19AREN ONDORIOZ HEZKUNTZA SAILBURUAK AURREZ AURREKO ESKOLAK BERTAN BEHERA UZTEKO AGINDUA EZAGUTZERA EMAN ZUENETIK “KALTE HANDIENA JASOKO DUTENAK BATXILERGOKO IKASLEAK IZANGO DIRA, BATEZ ERE SELEKTIBITATEA EGIN BEHAR DUTEN 2. MAILAKOAK” BEZALAKO IRUZKINAK IRAKURRI ETA ENTZUN DITUGU SARRITAN

Egia da erronka handia izan dela, ezustean etorritako ezohiko egora honek ikasturtea aurrera eramateko gai izango ginen ez gekekiela harrapatu gintuen eta. Baina egia da ere, ezjakintasunak eta ziurgabetasunak eragindako beldurrak berehala kendu genituela gainetik, indargabetuko gintuen zama besterik ez baitziren, jorratzen hasi behar genuen bide berrian.

Etxetik lan egiten hasteko ezinbestekoak izan dira baliabide digitalak eta behin erabakita ikasleekin era telematikoan lan egiteko Teams plataforma erabiliko genuela, zenbait profesionalek prestakuntza jaso eta gainontzeko irakasleei azaldu zieten funtzionamendua; honen ostean nork bere ikasleei irakatsi zieten tutoreek. Jarraian taldeak eta kanalak sortu genituen Teams-en, irakasgaika antolatuta, eta bageunden prest ikasleekin lan egiten hasteko.

Hastapena gogorra egin zitzaigun guztioi, baliabide eta tresna berriak erabiltzen ikasi behar izan baikenuen, eskolak antolatu eta ematen genituen bitartean.

Denboran  eta eskarmentuan aurrera egin ahala, eta batez ere ikasleekiko feedback-ari esker, edukien, bideodei bidezko eskolen eta etxerako lanen banaketa egokitu eta hobetzen hasi ginen. Bideodeien eta etxerako lanen arteko oreka lortzeko jarduera hauei ematen genien denbora erdibanatu genuen: eguneko eskolen erdia bideodei bitartez eta beste erdia etxerako lanen bidez.

Komunikazioak oso garrantzi handia izan du itxialdian, zentzu guztietan eta esparru guztietan. Irakasle eta ikasleen arteko feedbacka (ikasketaburuaren eta gelako ordezkarien arteko bideodeiez lortutakoa) ezinbestekoa izan da eskolak -unean uneko egokitzapenak eginez- gero eta hobeto garatu ahal izateko. Era berean, eta aipatu helburu berbera izanik, irakasleek ere etengabeko komunikazioa mantendu ahal izan dute bilera telematikoei esker.

Hau guztia gauzatzeko ezinbestekoa izan dugu Nerea Fernández, Endika López eta Egoitz Iturrioz IKT departamentuko lankideek egindako lan bikaina.

IKASLEEN ITZULERA ARAZORIK GABE BURUTU ZEN

Ekainaren 1ean batxilergoko zenbait ikasle itzuli ziren Asti Lekura, haien ostean batxilergoko beste batzuk eta DBHko zenbait neska-mutil ere bertaratzen hasi zirelarik.

Aipatzekoa da ikasleen portaera eta erantzukizuna eredugarriak izan direla eta arazorik gabe egokitu direla Asti Lekuk ezarritako kontingentzia planera.

Guztion ahaleginei esker lortu dugu ikasturte berezi hau aurrera eramatea, ikasle, langile eta familiak elkarlanean jo eta su aritu gara eta.  Erronka, bada, gaindituta dagoela esan dezakegu! Zorionak!

Orain, gehienoi atseden hartu eta oporretan ondo pasatzea dagokigularik, joan bedi gu guztion indarra selektibitate azterketa (USE) egingo dutenengana. Zorte on!

Asti Leku Ikastola

Utzi iruzkin bat