JARDUERAK ETA ESKOLA-KIROLA... Argitaratuta

ESKOLAZ KANPOKO EKINTZAK ETA ESKOLA KIROLA

PANDEMIA EGOERAK, GURE EGUNEROKO GAINONTZEKO ESPARRUETAN BEZALA, ESKOLAZ KANPOKO EKINTZETAN ETA ESKOLA KIROLEAN ERE IZAN DU ERAGIN HANDIA.

Asti Lekuko jarduerei dagokienez, hasieran zeuden ziurgabetasun eta ezbaien aurrean, ikastolako Zuzendaritzak, tentuz eta erantzukizunez jokatuz, informazio gehiagorekin hausnarketa sakonagoa egin ahal izan arte itxarotea erabaki zuen.

Gauzak horrela, Bizkaiko Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak irailaren 22an eskola kirola hil horren 28an abian jarri ahal zela jakinarazi bazuen ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskolaz kanpoko ekintzak baimendu arte ez hastea erabaki zen Asti Lekun.

Urriaren 2an Hezkuntza Sailetik heldu zen jakinarazpena, zeinean eskolaz kanpoko ekintzak, Haur Hezkuntzan izan ezik, abian jartzeko baimena ematen zen. Momentu horretan bertan aktibatu genuen kirol eta kultur ekintzetan izena emateko prozedura Asti Lekun, baina hilaren bukaeran, hastear geundelarik, pandemia egoerak okerrera eginda, alarma egoera ezarri zen, eta bertan behera utzi behar izan genituen azaroan 1ean hastekoak ziren jarduerak.

Lehenengo hiruhilekoa, beraz, kirol eta kultur ekintzarik gabe joan zitzaigun, egoera noiz hobetuko zain.

Urtarrilaren 25ean, Gabonetako ondorioak gainditzen hasita geundelakoan, hasi egin ginen eskolaz kanpoko ekintzekin, baina, tamalez, hiru egun geroago Portugalete gune gorrian sartu zenez, eskola kirola debekatu egin zen; ez, ordea, kultur ekintzak. Hauek, ordutik aurrera, etenaldi eta ezusterik gabe garatu dira.

Eskola kirolak, ordea, otsailaren 22ra arte itxaron behar izan zuen, hau da, Portugalete gune gorritik irten zen arte. Zorionez, harez geroztik, nahiko normaltasunez egin dute aurrera eta ikasturtea lasaitasunez amaitzea espero da. 

2021EKO UDAKO CAMPUSAK ETA UDALEKUAK, INOIZ BAINO JENDETSUAGOAK

Pasa den udan, pandemiaren egoera hobera eginda bazegoen ere, ikasleek martxotik ikastolara etorri gabe zeramaten, eta beldurra oraindik airean, zuhur jokatu eta udako ekintzarik ez antolatzea erabaki genuen Asti Lekun, leku gehienetan bezala.

Aurtengoan, ordea, ikasturte honen garapen ona ikusita, bai klaseei, bai zerbitzuei, bai  eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, udan ohiko campusak (robotika, saskibaloi eta futbolekoak) zein UDASTI udalekuak antolatzea erabaki dugu. 

Aipatzekoa da inoiz baino ikasle gehiagok eman dutela izena. Izan ere, 2019an 92 erabiltzaile izatetik orain 145 izatera pasatu gara, hau da, 2021. urtean %57 parte-hartzaile gehiago izango ditugu.

2021-2022 IKASTURTE HASIERA, ORAINGOAREN AMAIERAREN ANTZEKOA

Amaitzear dagoen ikasturte honek utzi dizkigun esperientzia zein datuak aintzat hartuta, eta txertaketak aurreikusitakoaren arabera aurrera egingo duelakoan, espero dugu ikasturtearen hasiera, kirol- eta kultura-jarduerei dagokienez, normaltasunez egingo dela, baina, hori bai, orain arte izan ditugun segurtasun-neurri berberak errespetatuz.

Utzi iruzkin bat