Zenbait batzorde, Asti Lekuko plan estrategiko berria prestatzen laguntzen


Asti Lekuk, hiru edo lau urtean behin, plan estrategiko berria egiten du. Plan horretan, ikastolaren bilakaera eta egungo egoera aztertu ondoren, antzeko denbora-tarte batean lortu nahi diren helburuak zehazten dira, bai eta helburu horiek lortzeko beharrezkoak diren jarduera-ildoak ere.

Plan estrategikoa ahalik eta esku-hartzaileena izan dadin, Asti Lekuren hezkuntza komunitatearen ahots guztiak aintzat hartu nahi izan dira. Horretarako zenbait batzorde osatu dira, euren ekarpen, proposamen eta ikuspegi ezberdinekin plan berria osatzen lagunduko dutenak.

Lehenengo urratsak aurreko ikasturtean eman ziren batzorde batzuen atariko lanarekin, baina pandemiagatik bertan behera geratu behar izan zen informazioa biltzeko prozesua. Orain, 2020-2021 ikasturtea era seguruan abian jartzeko erronka gainditu ondoren, batzordeen lana berrabiarazi dugu, azken asteotan, besteak beste, irakasleena, gurasoena eta ikasle ohiena, bildu direlarik. Azpimarratzekoa da, gainera, hiru talde hauetan jende gaztearen parte hartzea lehenetsi dela, plan estrategiko berriari ideia berritzaileak, ilusioa eta haize freskoa ekarriko dizkiotelakoan.

Haiengandik jasotako ekarpenak lehenago eta geroago batutako batzordeen lanari gehituko zaizkio, eta behin lan-talde guztienak batuta, Errektore Batzordeari helaraziko zaizkio, bera baita 2021-2024 plan estrategikoa egiteaz arduratuko den organoa.

Eskertzekoak dira, benetan, batzordeetan esku hartzen ari diren lagun guztien ahalegina, jarrera ona eta gogo bizia; are gehiago, bizi behar dugun egoera zail honetan. Mila esker, bene-benetan!

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.