24. KORRIKAren ibilbideak 2175 kilometro izango ditu eta bertan 3436 lekuko–hartze izango dira. Beraz, inoiz baino parte hartzaileagoa aurreikusten da lasterketa. Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik aterako da martxoaren 19an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, hil bereko 29an, gutxi gorabehera 460 herritatik igaro ostean.
Ibilbidearen xehetasunak KORRIKA aplikazioan daude eskuragarri, eta bai bertan, bai webgunean kontsultatu daitezke lasterketaren nondik norakoak.
Aurreko ediziotik hona, aplikazioa berrikuntzekin dator. Haietako bat, Korrika laguntzaileak eta app-a deskargatu dutenak lehendabizikoak izan direla ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian.
App-a doakoa da eta IOSentzat eta Androidentzat dago eskuragarri. Lasterketan gerta daitekeen edozein gorabeherari buruzko informazioa ere emango du.

