Ikastolen VII. Batzarra, hurrengo hamarraldiari begira


Ikastolen VII. Batzarra prestatzeko prozesua otsailean hasi zen eskualdeetako aurkezpenekin, baina gutxi batzuk egin ostean, martxoan ezarritako konfinamenduagatik, gainontzeko guztiakak bertan behera utzi behar izan ziren.

Irailaren 30ean berriro abiatu ziren aurkezpenak, eta Asti Lekun martxoan egitekoa zena, astelehen honetan, urriaren 26an, izan genuen. Bertara Bihotz Gaztea, Itxaropena eta Zubi Zaharra ikastolak zeuden deituta eta aurkezpena Koldo Tellitu eta José Luis Sukiak egin zuten, Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.

Aurkezpen horiek bukatu eta gero, ikastola bakoitzak etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa-prozesu bat egingo du, eta horren bidez jasotako ekarpenak Ikastolen Elkarteari helaraziko dizkio. Ekarpen horiek, gainerako ikastolenekin batera, oinarri izango dira VII. Batzarrerako.
Batzarraren helburua da gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertzea eta horiei erantzutea, hezkuntza-sisteman erreferente izaten jarraitzea, gizartean eragitea eta ikastolak biharko munduan kokatzea. Horretarako, hurrengo hamarkadan egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartu beharko dira.

“Hamar urte bete ziren, 2019ko ekainean, Euskal Herriko Ikastolek VI Batzarra gauzatu zutela. Tarte honetan jendartean aldaketa sakonak eman dira, hezkuntzaren eta eskolaren eginkizuna berrikusten ari da eta berritze etengabearen beharrean dago. Egoera honek berariazko geldiune bat egitea eskatzen duela uste dute ikastolek, azken hamarkadan egindakoaz balorazioa egin eta etorkizunera begira jartzeko. Ikastolen mugimendua osatzen dutenek gogoeta egin behar dute XXI. mende honen bigarren/hirugarren hamarkadarako euskal jendartearen eskariez, eta haiei erantzuna ematen saiatu behar dugu”, adierazi die Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak ikastolei. “Ikastolen mugimenduak Euskal Herriko jendarteari egin behar dion ekarpena erabaki behar dugu”.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.