Idoia Katiuska eta Txaramela Haur Hezkuntzan


‘Hazi osasuntsu’ ekimenaren baitan eta ‘Bidezko Elikadura’ elkartearekin kolaborazioan bi tailer antolatu ditugu aste honetan Haur Hezkuntzako umeekin: hiru eta lau urtekoekin Idoia Katiuska egon da eta 5 urtekoekin, Txaramela pasta tailerrekoak.

HH3-4ko umeek NENDO-DANGO bolak egin dituzte
Asti Lekuko 3 eta 4 urteko haurrek Fukuoka japoniarraren Nendo-Dango bolak egin dituzte ikastolan, Nafarroako sagar ekologikoaren haziak erabiliz. Motxilan eraman dute etxera, asteburuan basoan bota dezaten, sarbide zailetan edo deforestatuetan. Botatako bola sagarrondo hostotsu eta oparoa izatea da helburua.
Teknika honen bidez, hazia buztin eta lurrezko bola batean erein egiten da, baso-soiltzearen eta klima-aldaketaren aurkako estrategia gisa. Fukuokaren hitzetan “erein eta erein egin behar da gure ondorengoei etorkizun bat eskaintzeko”.
Bolaren helburua da hazia baldintza klimatiko gogorretatik edo animaliengandik babestea. Horrela, hazia dago euri-garaiaren zain; une horretan, buztinak ura xurgatzen du eta hazia ernatu egiten da. Fukuokaren arabera, sistema hori askoz eraginkorragoa da basoberritzeko metodo tradizionalak baino (gutxi gorabehera %2 dira metodoarekin germinazio-arrakastak eta %0,2 beste sistema batzuekin).

HH5eko ikasleek Txaramela pasta tailerra izan dute
‘Zerealak, gure larreetan eta gure plateretan’ pasta egiteko tailerrean parte hartu dute 5 urteko umeek ikastolan.

“Kontsumo arduratsuan murgildu gara, autokontsumorako elikagai baten jatorria eta egiteko modua ezagutuz. Eremuetatik hasi eta gure plateretaraino modu dinamiko eta parte-hartzailean landu dugu orea eraldatzeko prozesu osoa” azaldu dute tailer honetako hezitzaileek .

Umeek, txikienek zein nagusiek, primeran pasatu dute esperientzia aberasgarri hauekin.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.