Asti Lekuko LHko 1. mailakoak Santimamiñen


Asti Lekuko LHko 1. mailakoak Santimamiñen
Aste honetan Asti Lekuko Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleak Santimamiñe kobazuloa ikustera joan dira.
Gela barruan Lehen Gizakiaren gaia landu dute eta honi bukaera emateko UNESCOk 2008an Gizateriaren Ondare izendatutako kobazulo ikusgarriak bisitatzera joan dira.
Santimamiñe koba inguru paregabean dago: Urdaibaiko arroaren eskuinean, Ereñozar mendiaren magalean.
Leizeko labar-pinturak ezustean aurkitu zituzten 1916an, gazte batzuen jakin-minaren ondorioz. Hainbat animaliaren irudiekin (bisonte, zaldi, ahuntz, orein eta hartz arrearenak, esaterako) osatutako labar-pintura garrantzitsua jasotzen du kobazuloak.
Santimamiñeko haitzuloak ederrak dira oso geologiaren ikuspuntutik; estalagmitak eta estalaktitak ugari ditu, eta batzuetan, gainera, batu egiten dira, haitzulo guztian zutabe bikainak osatzen direlarik. Gainera, hormetan konkrezio mantu ederrak ditu. Horiek, batzuetan, kaltzio karbonatozko gortina finak sorrarazten dituzte -zenbaitetan zuriak, beste zenbaitetan gorrixkak- urek daramaten burdin oxido karga dela eta.
2006az geroztik haitzuloak itxita daude. Hala ere, ordu eta erdiko bisitaldi gidatuetan parte hartzeko aukera badago.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.