Agurne Barruso, Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria


Urte hasierarekin batera hartu du kargua orain arte Armentia ikastolako zuzendari izan denak. Jose Luis Sukia ordezkatu du taldean

Agurne Barruso Lazkano da Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria. Urte hasierarekin batera hartu du kargua, eta Jose Luis Sukia ordezkatu du eginkizun horietan. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak iragan irailean izendatu zuen Barruso zuzendari nagusi, baina beraren eta Sukiaren arteko trantsizioi aldi bat egin da udazken honetan, eta, aipatu bezala, urte hasierarekin batera hartu du Ikastolen Elkarteko gidaritza.

“Ilusioz” heldu dio Ikastolen Etxearen lemari Barrusok. Erantzukizun handia ere badela aitortu arren, erronkek motibatu egiten dutela esan du, are gehiago inguruan lan talde eta zuzendaritza nahiz artezkaritza talde sendoak edukita: “Uneotan mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea… Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara“.

Jose Luis Sukiak, berriz, ikasturte honetan hartuko du erretiroa
Bitarte horretan zuzendari nagusi berriaren eta zuzendaritza taldearen alboan arituko da lanean. 2016ko irailean hartu zuen zuzendari nagusi kargua Jose Luis Sukiak, Imanol Igeregiren ordez. Ordura arte Egonkortasun arduraduna izan zen 2010ean sortutako Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean. Sukiaren eta ikastolen mugimenduaren arteko lotura, ordea, atzeragotik dator, izan ere, 1993tik ari da ikastolen mugimenduan buru belarri lanean.

Zorionak, Agurne eta eskerrik asko, Jose Luis!

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.