2023ko Nafarroa Oinez Etxarri Aranatzen egingo da ‘hotsein!’ lelopean


Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak hartuko du 2023an Nafarroa Oinez festa, euskararen arnasguneak bizkortzeko helburuarekin. Hotsein! Izango da edizio honetarako aukeratutako leloa, eta bozgorailua, irudia.

Prentsaurrekoa azaroaren 3an izan zen, eta leloaren aurkezpena Izaskun Errazkin Ikastolako gurasoen ordezkariak egin zuen.

“2023ko Nafarroa Oinezen leloak, hotsein!-ek, bi esanahi ditu Sakanako hizkeretan: batetik, ‘zarata egin’ edo ‘burrunba egin’, eta, bestetik, ‘deitu’ edo ‘aldarrikatu’. Lelo horren bidez, bertako hizkerari balioa emateaz gain, gure proiektua eta gure aldarrikapenak eta konpromisoak lau haizeetara zabaldu nahi ditugu, ozen eta tinko: euskara, euskal kulturaren eta aniztasunaren aldarrikapenak eginez”, azaldu zuten antolatzaileek.

“Hots egin nahi dugu, arnasguneetan gauden ikastolon indarra eta beharra aldarrikatzeko. Hots egin nahi dugu, ikastolon izaera publikoa eta gure kudeaketa-eredu herrikoia aldarrikatzeko. Hots egin nahi dugu, hezkuntza-proiektu eraldatzailea izaten jarraitu nahi dugulako!”, gehitu zuten.

“Entzun gure hotsa eta gure ahotsa!”
Berba hauekin animatu nahi dute jendea 2023. urtean Andra Mari ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinez festarekin bat egitera.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.