FamilienakKultur eta sormen ekarpenak... Argitaratuta

ZUBIA PASTORALA HERRI ANTZERKIA: PORTUGALETEKO HERRITARREN EKIMEN KULTURALA

ABENDUAREN 16AN IZAN ZEN, PORTUGALETEN, ZUBI ALDE KIROLDEGIA JARRILLEROZ BETE-BETERIK ZEGOELA. EGUN ETA ORDU HORRETAN IKUSI ZUEN ARGIA BI URTE LEHENAGO HERRIKO LAGUN-TALDE BATEK IZANDAKO AMETSA: PORTUGALETEN PASTORALA EGITEA! HASIERAN HIRU TXOROREN IDEIA ZIRUDIENAREKIN HIRUREHUN HERRITARREK BAINO GEHIAGOK EGIN ZUTEN BAT ETA GUZTIEN ARTEAN ONDU ZUTEN ZUBIA IZENEKO HERRI ANTZERKIA.

Antolatzaileek “pastorala” deitu zioten hasieran bere proiektuari, aho txikiarekin, jakitun ez zituela pastoral klasikoaren ezaugarri guztiak betetzen, nahiz eta keinu ugari egin: pertsonaia kontrajarriak, bertso-moldeak, etab. Azken batean, omenaldia egin nahi izan diote pastoralari, herri antzerkiaren bidez. Pastorala izan zein ez izan, bazuen elementu ezohikoa: protagonista nagusia Bizkaiko Zubia izan zen, 2018an 125 urte bete zituen zubia, eta 125 urte horietan ikusitakoa kontatuko zuena.

Halaber, antzezlanak izaera herritarra izan zuen hasieratik bertatik, bere sorkuntzan, antolaketan eta garapenean: herritik, herriarentzako, herriak ondutako lana. Izan dute, hori bai, profesionalen laguntza: alde batetik, herriko musika-bandaren zuzendari Jabier Ituarte; bestetik, Iñaki Aurrekoetxea bertsolaria. Beraien ekarpenarekin batera, ezinbestekoa izan da hiru zuzendari artistikoen lana, hirurak herriko dantza talde batzuetako dantza maisu-maistrak: Eneritz Mancisidor, Iker Gil eta Luis Miguel Aretxaga. Baina, gauza guztien gainetik, herriko norbanakoen lana: dantzan, kantuan, musikari edo aktore lanetan. Horien artean azpimarratzekoa Bizkaia Zubiaren rola bete duen Nahikari Yubero. Beste batzuek lan anomimoa, ezkutukoa eta ixila bete dute: jantzigintzan, atrezzoan edota antolakuntzan.

Esan bezala, bi urte luzeko lana izan da Herri Antzerkia gauzatzearena, eta asko izan dira horretan lagundu dutenak: herriko elkarte eta enpresa askok diruz eta azpiegituraz lagundu zuten. Elkarte kulturalek arropa eta atrezzorako materialaz gain, euren lokalak entsegu-gune bihurtu zituzten, bai eta Asti Leku Ikastolak ere, entsegu orokorretarako tokia bermatu baitzuen. Azken batean, Portugaleten sare xumea eraiki genuen, bakoitzak bere ekarpen txikia egin zuen herriarentzako hain handia den Bizkaia Zubiari omenaldia egiteko, eta, noski, jarrillero guztiei eta 125 urte hauetan bizitako momentuei ere bai. Hiru zorok izan zuten amets horrek muga guztiak gainditu zituen.

Eneritz Mancisidor

Leave a Comment