AlbisteakEskolaz kanpokoak... Argitaratuta

XAKEA, KIROLAZ HARATAGO

ZER DA XAKEA? ZEINTZUK DIRA BERE ONURAK? EDONORK IKAS DEZAKE XAKEA EDO GAITASUN BEREZIRIK BEHAR DA? NOLA GARATZEN DA XAKE SAIO BAT IKASTOLAN? ZEIN DA TXAPELKETEN FUNTZIONAMENDUA? ASKO DIRA XAKEAREN INGURUAN SOR DAKIZKIGUKEN GALDERAK. HAUEK ETA BESTE BATZUK ERANTZUTEN SAIATUKO GARA JUAN RUIZ ETA IBON BARRIO ASTI LEKUKO XAKE IRAKASLEEN LAGUNTZAREKIN.

Xakea haurrentzako interes handiko jarduera da, garapenerako garrantzi handiko trebetasunak indartzen dituena: abilezia mental eta kognitiboak, kontzentrazio gaitasuna, oroimena, arrazoibide logikoa eta erabakiak hartzeko gaitasuna, besteak beste. Gainera, beste kirol batzuetan bezala arrakastaren eta porrotaren kudeaketa, trebetasun sozialak, araudi eta aurkariarekiko begirunea, gizarteratze eta berdintasunaren balioak ere lantzen dira adibidez. Ondorio hauek pedagogiaren munduarekin harremana daukaten erakunde askok aitortzen dituzte eta horregatik, gaur egun herrialde askotan irakasgai bilakatu da xakea.

Hau guztia dela eta, hazkunde izugarria izaten ari da xakea azken urteotan. Gero eta jokalari gehiago dago eta txapelketak edonoiz eta edonon topa daitezke. Gainera, oso ekintza merkea da eta ordenagailuen eta interneten bidez oso erraz ikasi eta joka daiteke.

Xakea duela hiru urte heldu zen ikastolara.  Lehenengo urtetik oso harrera ona izan zuen eta 2016-2017 ikasturtean 15 ikaslek inguru parte hartu zuten eskolaz kanpoko ekintza honetan. Egun 30 ikasle baino gehiago daude ostiralero xakeaz gozatzen. Umeak adinaren arabera bi taldetan bananduta daude eta hauekin batera bi irakasle: Juan Ruiz eta Ibon Barrio. Biek argi daukate ekintzaren xedea zein den: “Ondo pasatzea. Xakea oso joko dibertigarria da eta hori aprobetxatuz, beste hainbat gaitasun eta balio landu daitezke.” Gainera, haien ustetan xakean jokatzeko ez da gaitasun berezirik behar: “Inportanteenak jokoa gustukoa izatea eta ikasteko gogoa dira. Noski munduko onenek aparteko gaitasunak dituzte, baina hori kirol diziplina guztietan gertatzen da”.

Ekintzaren antolatzailea Portugaleteko Xake Eskola da, 1985etik jardunean egon dena. Portugaleteko Xake Taldearen atala da eta bere baliabide guztiak eskura dauzka. Horrez gain, Portugaleteko Udalaren babesa ere badauka, DEMUPORSA-ren bitartez.

Noiz hasi zineten xakean, zer zela eta, non…?

IBON: 8 urterekin hasi nintzen kasualitatez xakean jokatzen. Ni Arrigorriagakoa naiz eta bertan eskupilotan aritzen nintzen. Egun batean eskupilotako lagun batek entrenamenduaren ostean xakea zeukala esan zidan, kiroldegiko geletako batean. Probatzea erabaki nuen eta asko gustatu zitzaidan. Geroztik nire bizitzaren atal garrantzitsua bilakatu da xakea.

JUAN: Nire aitak 5 urterekin piezak nola mugitzen ziren irakatsi zidan eta 7 urterekin nire lehenengo txapelketa jokatu nuen.

Azaldu iezaguzue nolakoa izan den zeuen ibilbidea hasi zinetenetik hona

IBON: Arrigorriagako Endroke Xake Taldean hasi nintzen. Laster Bizkaiko Xake Federakuntzaren teknifikazio klaseetan hartu ninduten eta 12 urterekin, bizileku aldaketa medio, Portugaleteko Xake Taldean eman nuen izena, nire Federakuntzako irakasletako bat bertakoa zelako. Nire lorpen handiena Euskadiko txapeldun izatea izan zen.

Txikitatik izan dut irakasle bokazioa eta horregatik oso goiz hasi nintzen xake eskolak ematen. Urteetan zehar asko ikasi dut, umeek asko irakatsi didate.

JUAN: Arrasateko klubean hasi nintzen 10 urte inguru nituenean. Zorionez nire adineko eta zaletasun handiko jokalari pare batzuk zeuden eta horrela segidan hartu nituen klubera joateko eta xakean jokatzeko gogoa. Arrasate, Gipuzkoa eta azkenean Euskadiko txapelketak irabazi nituen, birritan Euskadiko txapelduna izanik.

16 urte nituenean Arrasateko klubean txikiei klaseak ematen hasi nintzen gogoko nuelako eta niri irakatsi zidaten guztia hurrengoko belaunaldiari transmititzeko. Bi urte pasa ondoren herria utzi behar izan nuen eta Bilbora mugitu nintzen unibertsitatea hasteko. Gauzak horrela Portugaleteko klubean hasi nintzen jokatzen eta berriro klaseak ematera bueltatu nintzen.

Nola garatzen da saio bat ikastolan?

IBON: Xake saioak bi zatitan bananduta daude. Zati bakoitzak helburu espezifikoak ditu eta bai teoria bai praktika konbinatzen dira.

Saioan zehar mota askotako ariketak egiten dira: atal teorikoak, edukiak lantzeko fitxak, jokoak bai xakearekin lotutakoak bai memoria edo kontzentrazioa lantzeko gaitasunekin loturakoak ere, txapelketak … Xakea ikasteko ez da ezinbestean gela barruan eserita egon behar, batzuetan patiora ere irten izan gara.

Gainera, normalean ezagutzen dugun xakea xake klasikoa da. Baina aldaera pilo daude eta hauek ere klasean lantzen dira. Haurrengan oso erakargarria da “Piezak-pasatzea” esaterako: hauxe bikoteka jokatzen da, eta batek jaten dituen piezak bere kideari pasatzen dizkio berak erabil ditzan. Oso dibertigarria da.

Azaldu ahal diguzue nola dagoen antolatuta txapelketa bat.

JUAN: Suizo deituriko modalitatea erabiltzen da. Sistema honetan 2 puntu daramatzan jokalari batek 2 dauzkan baten aurka egingo du. Irabazi ezkero 3 puntu edukiko ditu eta hurrengoko txandan berak bezala 3 puntu dituen jokalari baten aurka egingo du. Txapelketa irabazteko puntu asko daramatzaten aurkarien kontra egin beharko da eta honela txapelketako onena nor den ikus daiteke.

Ikastolatik kanpora eramaten dituzue ikasleak inoiz?

IBON: Bai, xakeak txapelketa ugari ditu eta ikastolako ikasleekin askotan parte hartzen dugu: hasteko, abenduan Portugaleteko Gabonetako Txapelketa jokatzen dugu. Gainera, beste kiroletan bezala, eskolarteko txapelketetan ere aritzen gara. DBHko ikasleek  Bizkaiko liga federatua jokatzeko aukera dute Portugaleteko Xake Taldearekin. Aurten esaterako 4 ikasle animatu dira. Txapelketa honen berezitasunak ikasleek adin guztietako aurkariak topa ditzaketela eta partida bakarrak 3-4 orduko iraupena izan dezakeela dira. Horrez gain, hileko azken ostiralean PANDOn adiskidantzazko txapelketak antolatzen ditu Portugaleteko Taldeak herriko xake zale guztiak elkartuz eta hauetan ere Asti-Lekuko ikasleak izaten dira.

Hala ere, txapelketa guztiak hautazkoak dira eta beraz ikasleek daukaten gogoaren arabera parte hartzea edo ez erabakitzen dute. Guk animatzen ditugu baina euren erabakia da.

Azalduko diguzue zelan dagoen antolatua eskola kiroleko txapelketa? Datak, helburuak, funtzionamendua…

JUAN: Aurten bi zona egon dira ikastolaren edo klubaren arabera antolatuta. Zona bakoitzean 3 txapelketa jokatzen dira urtarriletik martxora bitartean 3 igande goizetan. Txapelketa horietatik onenak finalera sailkatzen dira.

IBON: Eskola kiroleko txapelketa hauen helburuak klasean ikasitakoa praktikatzea, kirol-ohitura sortzea eta bereziki ondo pasatzea dira.

Ibon Barrio, Juan Ruiz eta Cristina Roy

Leave a Comment