Elkarrekin ikasizIkasleenak... Argitaratuta

SARA RAMOS, ZORIONTSU JAUZI-OHOLAREN GAINEAN

SARAK, NAHIZ ETA GAZTEA DEN ETA GIMNASIA ARTISTIKOAREN MODALITATE HONETAN URTE ETA ERDIKO IBILBIDEA BESTERIK EZ DAUKAN, OSO ONDO MENPERATZEN DU OHOL-JAUZIA ETA DAGOENEKO ZENBAIT DOMINA LORTU DITU.

Sara DBHko 2. maila egiten ari da Asti Lekun eta ikastolatik irteten denean Bilboraino joaten da egunero tranpolineko jauziak eta txilinbueltak praktikatzera.

Kirola betidanik gustatu zaio eta diziplina honekin hasi aurretik gimnasia erritmiko eta dantza modernotik pasatu zen, baina ez batak ez besteak ez zuten Sara harrapatu eta bete betean helduko zion diziplinaren bila jarraitu zuen.

Gauzak horrela, aurreko ikasturtean Sarak gimnasia artistikoan probatu nahi izan zuen eta tranpolinarekin topo egin zuen ezustean. Modalitate hau ezaguna bazeukan ere orduko horretan maiteminduta geratu zen.

Orain, hain dago gustura ezen egunero joaten den Bilboko Saltoka klubera entrenatzera. Baina utz diezaiogun berari hau guztia azaltzen.

Asti Leku: Kaixo Sara, noiztik zaude Saltoka klubean?

Sara Ramos: Pasa den ikasturtean hasi nintzen. Hasieran gimnasia artistikoa egin nahi nuen baina tranpolinarekin hasi nintzenean berehala harrapatu ninduen modalitate honek.

AL: Tranpolina bakarrik egiten duzu?

SR: Ez, tranpolinean minitramp bikoitza egiten dut baina horretaz gain tumbling eta ohe elastikoa ere praktikatzen ditut. Izan ere, gehien gustatzen zaidana tumblinga da.

AL: Txapelketa batzuetan parte hartu eta dominak jaso dituzu, ezta?

SR: Bai, lehiaketetan esku hartzen aurreko denboraldian hasi nintzen; oso denbora gutxi baneraman ere klubean animatu ninduten eta Zaragoza, Galizia, Euskadi eta Espainiakoan lehiatu nintzen. Euskadikoan 3 domina lortu nituen eta Zaragozakoan, bi.

AL: Hori hain denbora laburrean lortu ahal izateko izugarrizko lana egongo da atzetik, ezta? Zenbat ordu ematen duzu entrenatzen astean?

SR: Egunero joaten saiatzen naiz: astelehen eta asteazkenetan 3 orduko saioak burutzen ditut eta astearte eta ostegunetan 2koak. Larunbatetan ere entrenatzen dugu baina batzuetan ezin izaten naiz joan; Castron bizi gara eta nire anai-arrebek partidak izaten dituzte.

AL: Nola moldatzen zara aldi berean ikasi eta hainbeste entrenatzeko? Ordu asko dira eta gainera Bilbon.

SR: Ikastolatik irteten naizenean amak eramaten nau Bilbora eta ezin badu, metroan joaten naiz. Etxerako lanei dagokienez, astearte eta ostegunetan klasetik irten eta berehala egiten ditut, entrenatu aurretik. Beste egunetan, bukatutakoan, baina azterketak ditudanean ez naiz joaten. Momentuz ez dut arazorik izan, ondo moldatzen naiz eta oso ondo pasatzen dut entrenatzen. Klubeko giroa oso ona eta lagun onak egin ditut.

AL: Lehen aipatu dituzu anai-arrebek ere egiten dutela kirola.

SR: Bai, lau anai-arreba gara eta guztiok egiten dugu kirola. Nira ahizpa nagusiak, Anek, saskibaloia; txikiak bikiak dira, Iciar eta Eneko, eta saskibaloia eta futbola egiten dute hurrenez hurren.

AL: Hau familia kirolzalea! Gurasoak ere bai?

SR: Ama gaztetan eskubaloian ibili zen eta aita futbol eta judoan. Orain, oporretan gaudenean familia osoa ateratzen gara mendi-ibiliak egitera, oinez zein bizikletaz.

AL: Nola ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?

SR: Espero dut urte askoan jarraitzea diziplina hauetan. Oso gustura nago eta gauza asko ikasten ari naiz, hauetako batzuk bizitzarako oso garrantzitsuak direnak, esate baterako, sarritan erortzen bazara ere beti altxatu behar zarela.

AL: Eskerrik asko Sara! Izan ontsa!


Cristina Roy

Leave a Comment