Elkarrekin ikasizIkasleenak... Argitaratuta

NAGORE, ANE ETA UXUEREKIN ABIA MUNDURAZ SOLASEAN

ABIA MUNDURA GAZTEEN ARTEAN ELKARTASUNA ETA BOLUNTARIOTZA SUSTATZEKO PROIEKTUA DA ETA BERTAN PARTE HARTZEN ARI DIREN ASTI LEKUKO HIRU IKASLEREKIN HITZ EGIN DUGU PROIEKTUA ZERTAN DATZAN HOBETO EZAGUTZEKO.

Troconiz Santa Coloma Fundazioak, Asti Leku ikastolak eta Portugaleteko Udalak 1997. urtetik aurrera esparru formaletan nahiz ez formaletan dihardute elkarlanean herriko eskolekin, gazteei begirako ekimenak sustatzen.

2014. urtean, gazteen artean Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioaren metodologiaren bitartez elkartasuna eta boluntariotza bultzatzeko helburuaz, ABIA MUNDURA proiektua jarri zuten abian.

Proiektua sortu zenetik hona zenbait egokitzapen izan ditu hobetze aldera eta ikasturte honetan, estreinako aldiz, aurreko urteko taldeak jarraitzeko aukera izan du. Horretan dabiltza Asti Lekuko Ane Muñoz eta Ainhoa Ramírez; batxilergoko 2. mailako ikasle hauek pasa den ikasturtean hasi eta oraingoan jarraitzen dute, bi partaide berri ekarri dituztelarik, Nagore Santos eta Uxue Hidalgo, hain zuzen.

ELKARRIZKETA

“Behartuta dagoen jendeari laguntzeaz gain zeure buruari ere laguntzen diozu, bizitza osoan baliatuko zaizkizun zenbait gauza aberasgarri ikasten dituzu eta”

Asti Leku: Zer da Abia Mundura? Zelan azalduko zeniokete zer den proiektu hau ezer ez dakien bati?

Ikasleak: Gazte-jendeari -adin txikikoak barne- behartuta dauden pertsonei laguntzeko aukera ematen dion proiektua da. Guretzat oso interesgarria da adingabeok oso aukera gutxi daukagulako boluntariotza lanetan aritzeko; Abia Mundurak, aldiz, esperientzia hori ezagutzea ahalbidetzen digu hainbat ekintza ezberdinetan parte hartuz.

Asti Leku: Noiz sartu zineten proiektuan? Zergatik? Nola?

Ikasleak: Ainhoa eta biok pasa den ikasturtean hasi ginen –dio Anek- eta taldearen dinamikak nahiko ondo funtzionatu zuenez gero, aurrekoetan ez bezala, ikasturte honetan talde berberak jarraitzea proposatu ziguten, baina taldekide guztiek norbait berria ekarrita.

Bai, hala da –diote Nagore eta Uxuek-, gu aurten hasi gara Ainhoak animatu gintuelako. Aurreko ikasturtean berak izandako bizipena azaldu zigun eta asko gustatu zitzaigun. Izan ere guk beti izan dugu gogoko jendeari, ahal dugun neurrian, laguntzea.

Asti Leku: Eta zu Ane, nola ezagutu zenuen ekimen hau?

Ane: Bittor Kortabitarte Asti Lekuko orientatzaileak aurkeztu zigun proiektua ikastolan, gelaz gela pasatuz; geroago, interesatuok aurkezpen bilera orokor batera eraman gintuen eta bertan beste ikastetxe batzuetako ikasleekin batu ginen proiektuaren nondik norakoak sakonago ezagutzera.

Niri interesgarria iruditu zitzaidan entzundakoa eta izena eman nuen.

Asti Leku: Aurten jarraitzea erabaki duzu. Nola baloratzen duzu iazko esperientzia?

Ane: Oso era positiboan. Gainera erraztasunak ematen dizkizute ekintzetan parte hartzerakoan eta Ibilbide Solidarioaren barruan dauden jardueretatik ongien datozkizunak -bai tokiagatik bai egutegiagatik- hautatu ahal dituzu.

Uxue eta Nagore: Bai, egia da. Horrek asko laguntzen du, normalean nahiko lanpetuta gaudelako ikasketekin.

Asti Leku: Nolako ekintzak izaten dira? Jarriko al zenigukete adibiderik?

Ikasleak: Urtarrilaren 29an Abia Mundurak eta Movimiento por la Paz elkarteak Portugaleten bizi diren errefuxiatuen eta herriko jendearen arteko topaketa antolatu zuten, elkar ezagutu eta norberaren kultura eta ohiturak elkarri jakinarazteko. Oso aberasgarria izan zen. Elikagaien bankuarekin ere lan egin dugu eta Portugaleteko Errege eguneko Desfilean, besteak beste.

Asti Leku: Zer ikasi duzue?

Ikasleak: Gure inguruan oso egoera eta errealitate ezberdinetan bizi diren pertsonak badaudela, hauetako batzuk izugarri latzak izanik.

Honek, gainera, pentsarazten dizu zuri ere inoiz gerta dakizukeela, jakin ezin baitugu bizitzak nora eramango gaituen.

Eta ez hori bakarrik; izugarri inportantea deritzogu bizipen honek guri irakatsitakoa, pertsona ezberdinak, hobeak, bihurtzen gaituelako eta bizitzako arlo guztietan hobeto jokatzeko baliatuko zaigulako.

Asti Leku: Hemendik aurrera, behin proiektua bukatuta, jarraituko al duzue boluntariotza lanekin?

Ikasleak: Printzipioz ez daukagu ezer zehatzik pentsatuta, baina gustatuko litzaiguke. Ikusi beharko dugu nola moldatzen garen unibertsitateko ikasketekin eta gero joango gara ikusten non eta nola lagundu dezakegun.

Asti Leku: Bukatzeko, zerbait gehitu nahi duzue?

Ikasleak: Bai, pare bat gauza. Batetik, gazteak animatu nahi ditugu honelako ekintzetan parte hartzera, esan bezala guztiz aberasgarria delako.

Eta bestetik, boluntariotza lana guztiona dela, ez emakumezkoena bakarrik. Oso mutil gutxi ikusi dugu proiektuan eta Asti Lekukooi dagokigunez, guztiak gara neskak.

Cristina Roy

Leave a Comment