Aisialdi proposamenakLiburuak... Argitaratuta

MIKEL SANTIAGO IDAZLEAK ASTI LEKUKO GARAIA GOGOAN DU

PORTUGALETEKO IDAZLE POLIFAZETIKOAK BISITA EGIN DIGU GUREKIN GOGORATZEKO ASTI LEKUKO IKASLE ZENEKO GARAIA. MENDE LAURDEN BAT IGARO DA IKASTOLAN AZKEN ALDIZ EGON ZENETIK ETA OROITZAPENAK PILATU EGITEN ZAIZKIO MIKELI. GOGORAPENEKIN BATERA EMOZIOAK ERE BADATOZKIO, BATEZ ERE IKASTOLAKO PASILLOETATIK GARAI HARTAKO LANGILE ETA IKASKIDEEKIN – EGUN, ASTI LEKUKO IRAKASLEAK- TOPATZEN DENEAN.

 

Aurreko azaroan Mikel Santiago idazleak bisitatu gintuen ikastolan. Asti lekuko ‘93ko belaunaldiko ikasle jakinguratsu hau son handiko idazlea dugu egun. Thrillerra, eleberri beltza, alegiazkoa… estilo ezberdinetako lanak argitaratu ditu Mikelek, duela gutxi La isla de las últimas voces liburua kaleratu duelarik. Eleberri hau haren laugarren argitalpena da, horren aurretik La última noche en Tremore Beach (2014), El mal camino (2015) eta El extraño verano de Tom Harvey (2017) argitaratu zituen-eta. Gazteleraz idatzita eta hizkuntza batzuetara itzulitako lan hauek arrakasta handia izan dute.

Ohiko formatuan kaleratzen hasi aurretik formatu elektronikoan ere argitaratu zituen kontakizun batzuk, haietako zenbaitek izugarrizko arrakasta izanik Estatu Batuetan (gehien saldutako hamarren artean egonda).

“Hogeita bost urte igaro dira Selektibitateko notak jaso eta arineketan ikastolatik alde egin nuenetik. Harez geroztik herri ezberdinetan bizi izan naiz eta toki askotatik bidaiatu, baina gaur arte ez nintzen berriro Asti Lekun egon” –esaten digu Mikelek oroitzapenak eta pasadizoak, topatzen ari den lagunen agurrek eta besarkadek bultzatuta, burura datozkion bitartean. Pozik dago gure laguna, ikusten ari den gauza guztiek liluratua, aldatu direnek zein berdin-berdin jarraitzen dutenek.

Mikel gogoberotuta mintzatzen da gurekin Asti Lekuko ikasle-garaiaz, hain dira onak beraren gomutak… Adibidez, bere lehenengo literatur-saria jaso zenekoa. “Bi sari besterik ez dut jaso nire bizitzan eta lehena ikastolan irabazi nuen; Inauterien inguruko idazlana izan zen eta primeran gogoratzen dut Asti Leku egunean eman zidaten mementoa. Garai hartan idazten hasita nengoen, baina olerkiak batez ere”.

“Sasoi hartatik oso oroipen polita daukat Begoña Arguedas orduko andereñoarekin. Askotan etortzen zait gogora. Heldutan irakasle eta hezitzaileen garrantziaz konturatzen zara. Haiei zor diegu gure gaurko portaera, pertsonak tratatzeko era… Honetaz ere hitz egiten dut La isla de las últimas voces” nire azken liburuan” -azpimarratzen du Mikelek.

Polifazetikoa eta autodidakta, gazte-gaztetatik jakin du zenbait gauza aldi berean egiten. Ikastolan ikasi bitartean olerkiak idatzi, musika egin eta softwarean muturra sartzeko ere denbora topatu zuen. “Rocker-a izateko ametsa nuen eta gaur egun idazlea naiz; ez dago batere txarto, oso zoriontsua naiz nire bizimodu eta lanarekin”.

Honen harira, Asti Lekun bertan hasi zela gitarra jotzen gogoratzen du Mikelek. “Ostiraletan gela bat uzten ziguten musika jotzera batzeko. UBItik aurrera eta 27 urte bete bitartean abestiak egin nituen banda ezagun batzuentzat. Honen ondoren kontakizunak etorri ziren eta 2010ean Historia de un crimen perfecto argitaratu nuen interneten. Izugarrizko arrakasta izan zuenez argitaletxe batek liburu bat idazteko proposamena luzatu zidan eta handik etorri ziren batetik, nire lehenengo eleberria ohiko formatuan, La última noche en Tremore Beach –lan honen egile-eskubideak Amenabarrek erosi ditu- eta bestetik, idazle izatetik bakarrik bizitzen hastea. Ordurarte informatika-programatzailea izan nuen ogibide (gaztetako beste zaletasun bat). Hamahiru urterekin izan nuen nire lehenengo ordenagailua eta nire kabuz ikasi nuen; Soziologia bukatutakoan era profesionalean hasi nintzen softwarearekin eta 18 urtean zehar bertatik bizi izan naiz”.

Mikelek pasadizo ugari dauka, esate baterako Amsterdamera egindako ikasketa bidaiari zor diola geroago Holandara bizitzera joan izana (10 urte eman zuen bertan).

Gaur egun Bilbon bizi da eta idazle profesionala bada ere bere bandarekin jarraitzen du.

Elkarrizketa amaitzear zegoelarik Gotzone Egia agertu zen, ikasle garaiko irakaslea eta egungo laguna. Elkarrekin gogoratu zituzten une xelebreak: “Nire familia Loiura bizitzera joan zenean ikastolara Gotzonerekin etortzen nintzen kotxean, bera ere bertan bizi zelako.”

Amaitzeko, ez gogo faltagatik, baizik eta bere gainontzeko konpromisoek agintzen dutelako, aholkua eskatu genion Mikeli gure ikasle nagusientzat, euren etorkizunari begirakoa: “Zeuen buruari zer galdetu baino, nola galdetu; ikasten duzuena ez da garrantzitsuena, baizik eta nolako inguruan ikusten duzuen zoriontsua zeuen burua, zeuen zaletasun, gustu, izaera eta nortasunarekin bat egiten duena. Nik rocker-a nahi nuen izan, Soziologia ikasi nuen unibertsitatean eta era autodidaktan trebatu nintzen musika eta softwarean. Egun, idazle profesionala naiz eta oso zoriontsua naiz nire bizimoduarekin, lanbide honek dakarren guztiarekin, nire inguruarekin…”.

Cristina Roy

Leave a Comment