Errektore batzordeaKooperatibaren ahotsak... Argitaratuta

MAIATZAREN 23KO BATZAR NAGUSIA: BAZKIDEEK KOOPERATIBAREKIN IZANDAKO HITZORDUA

ASTI LEKUKO BATZAR NAGUSIA BILERA LUZEA ETA EMANKORRA IZAN ZEN, BAZKIDEEK AHO BATEZ HARTUTAKO AKORDIO ASKOREKIN ETA GAI PUNTUAL BATZUETAN AZALDUTAKO ARDUREKIN ETA ARAZOEKIN. AGIAN EZ ZEN BILERA TRINKOEGIA IZAN, BAINA BERTARATUEK OSO BALORAZIO ONA EMAN ZIOTEN.

Beste ikastola, eskola eta ikastetxe batzuekin alderatuz, aspalditik dakigu Asti Lekuko familiek ikastolako bileretan eta jardueretan duten partaidetza oso handia dela. Oso arraroa da familiak tutoreek eta irakasle taldeek deitutako bileretara ez joatea. Eta zergatik? Asti Lekuko garrantzitsuena, azken helburua, bertako ikasleen hezkuntza delako, eta ikastetxe osoaren, familien eta profesionalen lehentasuna da.

Hala ere, erakundeko organoetan (Batzar Nagusia, Errektore Kontseilua, Zaintza Batzordea, Baliabide Batzordea…) duten partaidetza askoz urriagoa izaten da. Dena den, Asti Lekuk bere barne funtzionamenduan kooperatiba gisa duen osasuna da bere beste nortasun zeinuetako bat.

Horrela bada, joan den maiatzaren 23an, urte honetako Ohiko Batzar Nagusia egin zen Asti Lekuko Hitzaldi Aretoan. Batzar Nagusiaren edukiaren parte handia Kooperatiben Legeak berak ezartzen du. Lege horrek Batzar Nagusiaren gain jartzen ditu urtero ezinbestean bete behar dituen zenbait zeregin. Aipatzen ari garen bileran zenbait alderdi ekonomiko landu ziren, aurreko ekitaldiko memoria, 2018ko kontuak eta emaitzak horretarako aurreikusitako hornidura funtsetan banatzea, 2019rako kudeaketa plana eta baita aurtengo aurrekontua ere, kudeaketa plan hori gauzatzeko.

Landu zen beste gai praktiko bat, datorren urtarriletik aurrera, 2018ko (une honetan itxita dagoen azken ekitaldia) urteko KPIarekin bat etorriz %1,2ko igoera izango duten 2020rako kuoten onespena izan zen. Kuota digitalak izoztu egingo dira, eta bazkide berriek kooperatiban sartzean egingo dituzten kapital ekarpenek ere %1,2ko igoera moderatua izango dute.

Orainaldiari eta etorkizunari aldi berean begiratuz, 2017-2020 plan estrategikoaren nondik norakoa aztertu zen. Horren indarraldia amaituta dago, eta ebaluatu egin beharko da. Horrekin batera, datorren planerako zenbait erronka posible komentatu ziren: modernizazio pedagogikoarekin jarraitzea, berdintasunean eta ingurumen balioetan oinarritutako hezkuntza, adibidez. Horrez gain, geldialdi demografikoak datozen urteetako matrikulan izango duen eraginaren prospektiba azaldu zen.

Hirigintza arloko espedienteen egoera gure batzarretako gai klasikoa bilakatu da, zoritxarrez. Batzar honetan ere eduki zuen bere lekua, eta PAU izenekoa denbora gutxi barru behin betiko onetsiko dela eta birzatitze proiektua eta urbanizazio proiektua aurreratuta daudela jakinarazi zen.

Galde-eskeen atalean ere kexak edo ardurak azaltzeko unea egon zen, eta baita zenbait punturi buruzko eztabaidarako ere. Oraingo honetan Kirol taldearen funtzionamenduaren alderdiren bati (taldeak batzea) eta ikasketa bidaiaren antolakuntzari buruz egin zen berba, eta zalantza pedagogikoren bat ere aipatu zen.

Batzarra amaitu ondoren, bertaratuek Batzarrari buruzko inkesta bati erantzun zioten. Gehienek adierazi zutenez, edukia argia eta interesgarria izan zen, baina nahi baino gehiago luzatu zela ere esan zuten.

Txus Bilbao,
Asti Lekuko Zuzendari Nagusia

Leave a Comment