Kooperatibaren ahotsak... Argitaratuta

KALTETUENEKIN SOLIDARIOA DEN ASTI LEKU TALDEAK ELIKAGAIEN BILKETA SOLIDARIOAN HARTU DU PARTE

PORTUGALETEKO KIROL TALDEEK EUREN INDARRAK BATU DITUZTE ELIKAGAIEN BILKETAN ELKARREKIN ARITZEKO, COVID-19AK GEHIEN KALTETUTAKOEI LAGUNTZEKO HELBURUAREKIN. EKAINAREN 12AN, 15.000 ELIKAGAI KILO INGURU JASOZ, GAUZATU ZEN EKINTZA SOLIDARIO HORREK ARGI ETA GARBI ERAKUTSI ZUEN GURE HERRIKO HERRITARREN ESKUZABALTASUNA

Galkorrak ez diren produktu horiek, arroza, lekaleak eta pasta, besteak beste, Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratu dira. Bankuak, pandemiaren eragina jasan duten eta egoera zaurgarrienean dauden herriko pertsonen eta familien artean banatuko ditu.

Guztira, hamar izan dira elkartasunezko kanpaina horren antolakuntzan lan egin duten kirol erakundeak: Balonmano Jarrilleras, Asti Leku Kluba, Jarrilleros Saskibaloia, Deportiva Náutica de Portugalete, Bihotz Aratz Atletismo Taldea, Oribeltza Saskibaloi Taldea, Portugalete Taldea, San Nicolás Arraun Taldea eta Kiribil Patinaje Taldea.

Elikagai bilketa hori egin ahal izateko ezinbestekoa izan da aipatu taldeetako boluntarioen lana. Egun osoan aritu ziren lanean Portugaleteko Día, BM eta Eroski supermerkatuetan jarritako bilketa puntuetan. Horrela, Asti Lekuko saskibaloiko nesken lan bikaina azpimarratu behar da. “Lehen unetik ekimen eder honetan laguntzeko erabateko prestasuna erakutsi ziguten”, adierazi du Luis Núñez Asti Leku Taldeko presidenteak. Pozik agertu da, Portugaleteko herritarren aldetik izan duen harrera bikaina ikusita. “Ezuste pozgarria izan da; bagenekien gure herritarrak eskuzabalak zirela, baina emaitzak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Egun bakarrean 15.000 kilo elikagai inguru batu ditugu; ondo ulertzeko lorpena norainokoa izan den, jakin behar dugu Elikagaien Bankuaren datu ofizialek erakusten dutenez, haiek urte osoan 135.000 kilo inguru batu dituztela ezkerralde osoan”. 

Portugaleteko kirol taldeen ekimen horri, aipatutako supermerkatuez gain, Amaia eta Minuto tabernak –horietan bilketarako puntuak jarri ziren– eta Mena inprenta, Andra Mari Eskaut Taldea eta Creando Futuros GKEa ere gehitu zaizkio.

Antolatzaileak, Luis Núñezek esan digun bezala, harrituta agertu dira Portugaleteko herritarrek emandako erantzun bikaina ikusita, eta izugarri eskertu dute guztien partaidetza. “Herri solidarioa gara, eta horrela jarraitu gura dugu. Kirolak pertsonak hurbildu eta lagundu behar ditu, eta horrela erakusten dute beti herriko taldeek”, adierazi dute ekimenaren antolakuntza batzordekoek.

Asti Leku Ikastola

Utzi iruzkin bat