Ikastolaren ahotsak... Argitaratuta

INOIZ AHAZTUKO EZ DUGUN IKASTURTEA. ZORIONAK LANKIDEOK!

IKASTURTE HAU ORAIN ARTE BIZI IZAN DITUGUN GUZTIETATIK HAIN DESBERDINA IZAN DENEZ, EZ DUGU INOIZ AHAZTUKO. 2020. URTEAN SARTU GINENEAN, HAIN ZENBAKI BEREZIA ZENEZ, BATEK BAINO GEHIAGOK HAU GURE URTEA IZANGO ZELA ESAN ZUEN. ETA HORRELA IZAN DA, BAI HORIXE!

Maila pertsonalean, Lehen Hezkuntzako lankide bakoitzak modu desberdinean bizi izan du konfinamendua, euren bizitzako unearen eta familiako egoeraren arabera. Batzuek adineko senideak dituzte euren kargura, beste batzuek seme-alaba txikiak, beste batzuek, alarma egoerak ikasten edo lanean atzerrian harrapatu dituzten senideak… hau da, oso kasuistika anitza.

Esperientzia profesionalari dagokionez, uste dut elkartuago gaudela. Egun batetik bestera ez garela ikasgeletara itzuliko baina ikasturteak aurrera jarraitu behar dela iragarri ziguten. Eta denon galdera hau izan zen: eta zelan egingo dugu?!

Nerea Fernández Astorkiza Informatika Zerbitzu buruaren lan bikainari esker, aurrekaririk gabeko dispositiboa jarri zen martxan ikastolan. Horri esker, klaseak modu telematikoan eman ditugu, eta gure bilerak eta familiekin izan ditugun tutoretzak ere modu erosoan egin ahal izan ditugu.

Hasiera batean, sentimendu nagusia beldurra izan zen, ezagutzen ez dugunak beldurra ematen du beti. Baina jarraibide gutxi batzuekin eta gure lana ahalik eta ondoen egiteko gogoarekin, tresna ezagutzen eta ikasturtearekin aurrera egiten joan ginen. Irakasleen arteko lankidetza ezinbestekoa izan da, aplikatibo berriaren erabileran zein gaikako klaseen prestaketan. Lankidetza horri esker, bideodeietan erabili diren helburuak, edukiak eta metodologia zikloen eta mailen arabera diseinatzen joan ginen. Baina, aldi berean, ziklo bakoitzak bere jarduketa ikasleen adinerako modu egokienean antolatzeko behar besteko askatasuna izan dugu.

Horrela, banakako telesaioak egin dira, eta baita talde txikietan eta ertainetan ere. Online klaseak ezin dira aurrez-aurrekoekin alderatu; arreta maila altuagoa eskatzen dute, eta ikasleek ez dituzte ikaskideak ondoan, eta ikaskideetatik ere ikasten da, jakina. Hori dela eta, saio horien iraupena, umeek ordenagailuaren pantailaren aurrean nekeari aurre egiteko zuten gaitasunera egokitu da.

Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleek ere izan dute euren arretarako denbora PTen eta HBLen aldetik. Banaka, bikoteka edo talde txikietan erantzuteko antolatu dute ordutegia. Erreferentziazko taldearen klaseetan ere eurekin egon dira.

Familiei dagokienez, Orientazio Departamentutik zenbait power point sortu dira, berrogeialdiko eguneroko jarduera ahalik eta modu egokienean egiteko aholkuekin eta iradokizunekin. Era berean, astero hiru ideia bidali zaizkie,  gogoeta egiteko eta familian balioak eta emozioak lantzeko. Ideia horiek konfinamendu osoan eta deseskaladan izan dituzte eurekin, hainbeste itxaron eta merezi izan dituzten oporrak heldu arte.

Horrekin guztiarekin, eta hasierako zalantzak eta beldurra gainditu ondoren, harrotasunez esan dezakegu 2019-2020 ikasturtea, inoiz ahaztuko ez dugun ikasturtea, aurrera ateratzeko gai izan garela. ZORIONAK, LANKIDEOK!

Ainhoa Rueda eta Susana Villar

Utzi iruzkin bat