Kooperatibaren ahotsak... Argitaratuta

IKT-AK, EZINBESTEKO ALIATUA KONFINAMENDUAN

KORONABIRUSAK ERAGINDAKO KONFINAMENDU EGOERAK 360 GRADUKO IRAULKETA EKARRI DIE GURE BIZITZEI ZENBAIT ARLOTAN. HEZKUNTZA EREMUAN, HAIN ZUZEN, BEREHALAKO EGOKITZAPENA EGIN BEHAR IZAN GENUEN IKASLEAK, ETXEAN EGON ARREN, ONDO ATENDITU AHAL IZATEKO

Oso denbora gutxian dena berrantolatu behar izan genuen eta horrek prestakuntza jaso eta baliabide digital berriekin trebatzeko beharra ekarri zuen. Hori guztia, gainera, lan erritmoa mantentzen saiatzen ginen bitartean.

Asti Lekun, zorionez, IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) departamentu bikaina daukagu, zeinetik Nerea Fernández, Endika López eta Egoitz Iturriozek, jo eta su lan eginez, lortu duten eskolak eta lan telematikoak zazpi buruko munstroa izatetik aliatu handia izatera pasatu zitezen.

Ez diegu erraz jarri; denok aldi berean, denok urduri, denok ahalik eta lasterren ikasi nahian, eta nork bere ezagutza maila, beharrak eta erritmoa geneuzkala.  Zer esanik ez, intzidentziek, matxurek, konexio arazoek… metatzeko duten joerak ere ez zuela laguntzen.

Artikulu honetan Nerea Fernándezek azalduko digu nola kudeatu duen egora zail hau berak zuzentzen duen departamentutik, baina horrekin hasi aurretik IKT-ko ekipo osoa zoriondu nahi dugu.  Zoriondu eta eskerrak eman egindako lanagatik, euren pazientziagatik eta gure ondoan zeudela jakiteak eman digun lasaitasunagatik. Eskerrik asko, Nerea, Endika eta Egoitz!

Orain, gainera, Egoitz Itorriozi agur esan eta Asier Iturriagarri harrera egitea dagokigu. Egoitzek, Lanbide Heziketa Duala gurean urtebete batez osatu ondoren, ibilbide berria hasiko du eta Asierrek lekukoa hartuko. Zorte on Egoitz eta ongi etorri Asier!

Asti Leku eta IKTak konfinamenduan,  Nerea Fernándezen hitzetan

Duela zenbait urte hasi ginen gure Hezkuntza Proiektuan teknologia berriak sartzen, ez bakarrik ekipoak eskuratuz, baita eduki digitalak eta tresna dinamikoak sortuz eta erabiliz ere. Horrez gain, informazioa eskuratu dugu mintegietan eta aurkezpenetan, eta beste batzuen esperientzietan hartu dugu parte. Horrek guztiak erakutsi zigun beharrezkoa zela zenbait funtzionaltasun erraztuko zituzten tresna seguruak eta integratuak sartzea. Duela 3 urte heldutasun teknologikoko maila Aurreratua lortu arren, oraindik inplementatu barik genituen funtzionaltasun horiek.

Martxoaren 13an konfinamendua modu ofizialean jakinarazi zenean, Zuzendaritza IKT sailera zuzendu zen, arazoari soluzioa emateko eta urrundik bazen ere, hezkuntza proiektuak aurrera jarraitzea lortzeko.

Ez zen erraza izango, baina bai posible. Ikasle askok euren chromebook izenekoa zuten, eta urteak zeramatzaten edukiak era digitalean lantzen. Etxean euren ekipoa ez zuten ikasleei uzteko ordenagailu eramangarriak genituen, zailtasunaren aurrean hazi egiten den kolektiboa genuen. Falta zitzaigun bakarra zen erabakitzea zein izango zen gure ikasleentzat eta familientzat segurua, erabiltzeko erraza, moldakorra eta kostu gehigarri barik integratzeko moduko komunikazio sistema orokorra, zeinak ahalbidetuko zuen prozesua azkar eta eraginkortasunez martxan jartzea ikastolako kolektibo guztiak modu ordenatuan integraturik.

2020-2021 ikasturtean, lehen hezkuntzako 5. mailako ikasleak EKI proiektuan sartzekoak ziren. Horrekin kontu bat emango zitzaien Educamosen eta Driven. Urtearen hasieran, Zuzendaritzarekin batera, esperientzia pilotu gisa, ikasturte honetako hirugarren hiruhilekorako zenbait tresna adostu ziren, lehen hezkuntzako laugarren mailako ikasleekin modu seguruan lan egiteko.

Helburua, hurrengo urtean erabiliko zituzten plataformetarako (Educamos, drive, EKI…) klabe seguruak sortzen trebatzea zen. Teknologia berrien erabileran modu seguruan nabigatzeko nozioak eta jardunbide onenak ere eman behar zitzaizkien, dauden arrisku posible batzuk eta horietatik zelan babestu ikas zezaten.

Argi geneukan modu tronkalean erabili beharreko tresna TEAMS zela, eta baita zelan inplementatu genezakeen azkar, seguru, doan eta modu fidagarrian, konfinamenduak zenbat iraun behar zuen jakin ez arren.

Aurkeztu eta zuzendaritza taldea eta laguntzaileak konbentzitu behar genituen, eta hori egin genuen martxoaren 16an ekitaldi aretoan, asteburuan prestatu nuen aurkezpen ekitaldiarekin. Horretarako, Australiako UNSW unibertsitateko bideo batean oinarritu nintzen, etorkizunari begira lortu gura zenaren adibide erreala zelako. Unibertsitate horrek 65 mila ikasle ditu, eta erronka nagusia, ikasgela bateko 500 ikasleak elkarrekin, talde bakar moduan, lan egitea zen, ikasteko komunitate bakar gisa, campus barruan edo kanpoan egon arren. Bertan zeuden pertsonei transmititzeko hezkuntza digital modernoaren adibide bikaina zen, tresna horiek erabiliz lortu zitekeena erakusteko, hain zuzen ere. Bideoarekin batera, erabakia oinarritzen zuen informazio gehiago erakutsi nuen eta, azkenean, proposamena onestea erabaki zen.

Egun horretan bertan hasi ginen tresna horiek inplementatzeko lanetan, erabiltzeko beharrezkoa zen estruktura osoa sortuz.

Aldi berean, prestakuntzarako materialaren zerrenda eman nion zuzendaritza taldeari, probatzen joateko, eta prestakuntzako gida praktikoak eta irakasleei eta ikasleei eta familiei zuzendutako bideotutorialak ere prestatu genituen. Izan ere, gure helburua ez zen ikasleek klasea hartu ahal izatera mugatzen, esparru eta maila guztietan gure hezkuntza proiektuarekin jarraitu gura genuen.

Aste horretan bertan TEAMS modu automatikoan instalatu genuen ikastetxeko Chromebook guztietan.

Dena prest zegoen DBHko eta batxilergoko ikasle guztiek euren klaseak har zitzaten, zuzendaritza taldeak asteroko koordinazio bilerekin modu birtualean jarrai zezan, ikastetxeko ekipoetara urrunetik konektatuta lan egiten zuten administrazioko eta zerbitzuetako langileak euren artean komunikatu zitezen. Eta, jakina, IKTak inplementatzeko jakinarazpenak eta informazio garrantzitsua bidaltzeko komunikazio kanal bat sortu genuen.

Martxoaren 23an, astelehenean, DBHko eta batxilergoko etapak TEAMSekin funtzionatzen ari ziren.

Arduratzen gintuen beste puntu bat, gure ikasleen etxetik Internet erabiltzearen inguruko segurtasuna zen, ikastola barruan daukagun kontroletik kanpo zeudelako, eta gurasoek kontrolatuko zuten doako plataforma lortu behar izan genuen, Interneten aritzen zirenak ikastetxeko ikasleak zirela bermatzeko.

Horrekin batera, eta agertzen ziren arazoen aurrean ikasleei eta irakasleei modu egokian erantzun ahal izateko, Chrome Remote Desktop eta Anydesk aplikazioak hedatu behar izan ziren Chromebook-etan. Horiei esker, gure ikasleen eta senideen ekipoetara urrunetik konektatu ahal ginen, urrunetik helarazten zizkiguten arazoak konpontzen laguntzeko. Horrek asko errazten zuen gure lana, eta emandako zerbitzuaren kalitatea hobetzen zuen.

Oraindik tresna hori lehen eta haur hezkuntzako etapatan hedatzea falta zen, DBHko eta batxilergoko esperientzia pozgarriaren ondoren. Horietan EKI eta Moodle eduki digitalak TEAMS bitartez erabiltzen zituzten, eta hori osatzeko, bideodeiak eta bestelako tresnak erabiltzen ziren. Etapa horietarako TEAMS estruktura osatu eta erabiltzen hasi zen, baina ikasleen adinaren eta maila bakoitzaren beharren arabera bereizita.

Argi dago prozesu horretan zenbait arazo sortu direla, eta guri jakinarazi ahala ahalegindu gara horiek konpontzen, beti saiatu gara gertu egoten eta gure aukeren barruan soluzio egokiena ematen. Dena den, aitortu behar da kasu batzuetan, urruneko lekuetako Interneteko konexioa oso ona ez zenean, hori ez dela posible izan.

Amaitzeko, eta ikasturtearen amaierarekin bat etorriz, prozesu asko modu digitalean inplementatu behar izan dugu, datorren ikasturteko testuliburuen erosketa edo datuak egiaztatzeko orria, besteak beste. Orain arte eskuz edo aurrez aurre egiten ziren, paperean.

Ez naiz gehiago luzatuko, baina azpimarratu gura dut hori guztia ez zatekeela posible izango ikastolako kide guztien lankidetza, ahalegin eta konpromiso barik. Eta ez naiz ikasle eta langileez bakarrik hitz egiten ari baita familiez eta, zelan ez, gure aliatuez; izan ere, mota guztietako baliabideak jarri dituzte gure eskura, doan, eta ordu mugarik gabe, eta uneoro lagundu digute gure helburu nagusia lortzen, urrunetik gure hezkuntza prozesuarekin jarraitzea, hain zuzen ere.

Ikastolako kolektibo osoari erantzun egokia ematea izan da gure helburua. Berriro ere, hain garai berezi hauetan denek erakutsi duten pazientzia eta inplikazioa eskertu gura dugu.

Utzi iruzkin bat