Elkarrekin ikasizLangileenak... Argitaratuta

IKASTOLA ERE HEZKIDETZAREN ETA BERDINTASUNAREN OLATUAK BULTZATUTA

2019KO MARTXOAREN 6AN ETA 7AN “ESKOLA ABIAN: INKLUSIOAREN ETA BERDINTASUNAREN BIDEAN” IZENBURUPEAN BILBOKO EUSKALDUNA JAUREGIAN BURUTU DIREN JARDUNALDIETAN, HEZKUNTZA SAILAK GARATU BERRI DUEN EAEKO HEZKUNTZA SISTEMARAKO PLANA AURKEZTU ZUTEN, II. HEZKIDETZA-PLANA, BERDINTASUNAREN ETA TRATU ONAREN BIDEAN (2019-2023) IZENA DUENA.

Plana martxan jartzeko arrazoien artean, besteak beste, honako hau aipatzen da: heziketa-sistema sozializazio-agente adierazgarrienetako bat da eta mekanismo bat bezala erabili behar dugu emakumeen eta gizonen parekidetasunean aurrera egiteko.

Zentzu honetan, ume eta gazteekin lan egiten dugunok jakin badakigu hezkuntza sozializaziorako ezinbesteko bitartekoa dela, eta jendartean dauden ereduak birsortzeko baino, eraldaketarako tresnatzat jotzen dugu gure lana. Horrez gain, argi daukagu azken hamarkadetan hezkuntza-sisteman aurrerapen handiak eman direla, baina, hala ere, uste dugu ez dugula lortu benetakoa den eskola hezkidetzailea garatzea.

 

Asti Leku Ikastolan, orain arte arlo honetan burututako lana sentsibilizazio kanpaina eta ekintza puntualetan oinarritu da. Aurtengo ikasturtean hezkuntzarekiko eta, bereziki, pedagogia feministarekiko daukagun konpromisoa adierazi nahi dugu, praktika hezkidetzailea modu sistematiko eta estrategikoan ezartzeko, lankidetza zein elkarlana abiapuntutzat hartuta. Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok lan horretan gabiltza eta, honen harira, ezinbestekotzat jotzen dugu irakasleoi, familiei, hezitzaileei, etab. -hau da, ikastola osatzen dugunoi- beharrezkoak ditugun formakuntza programak eskaintzea, beharrezkoa dugun hausnarketa, eztabaida eta praktika sustatzeko.

Helburua gure ikasleen aniztasunari (generoa, jatorria, gaitasunak, maila sozioekonomikoa…) erantzuteko baliabide hobeak eta ugariagoak eskuratzea da, pertsonen garapen osoa  lortzeko; pertsona askeak, autonomoak eta integralak sortzeko, alegia. Gure gazteek askatasunean eta beldur barik harremanak sortzen, maitatzen zein euren emozioak adierazten ikasi behar dute, bizitzan ezberdintasunak sorrarazten dituzten faktorerik gabe, modu aske eta osasuntsuan jardun ahal izateko oinarrizko konpetentzia baita. Horretarako, genero ikuspuntua duen sexu eta afektibitate heziketa ezinbestekotzat jotzen dugu etapa guztietan, Tutoretza eta Orientazio Plana oinarri.

Izan ere, egunero hezkidetzan hezi ahal izateko giro afektiboak eta egonkorrak lortu nahi ditugu, eta jendarteak hori lortu ahal izateko planteatzen dizkigun erronketan uneoro begirada finkatu. Azken finean, egun, ikastola hezkidetzailea lortzeko bidea hori baino ez da: guztiok batera, elkartasunez, geure inguruan mozorroturik dirauten ezberdintasunekin bukatzeko, berdintasunean oinarritutako hezkuntza ahalbidetuko duen argi izpian sinestea eta horrengatik borrokatzea.

Hezkidetza Taldea

Leave a Comment