Elkarrekin ikasiz... Argitaratuta

HEZIKETA FISIKOA ETXETIK IRAKASTEA

BERROGEIALDIAK ASKO ALDATU DU GURE BIZIMODUA, IRAKASLEOK ALDAKETA HORREN PARTE IZAN GARELARIK. BADA, PENTSA EZAZUE KONTAKTUA ETA ELKARREKIKO INTERAKZIOA EZINBESTEKOTZAT DAUKATEN IKASGAIETARAKO, ESATE BATERAKO, GORPUTZ HEZIKETARAKO. GURE MINTEGIKO PLANTEAMENDUARI DAGOKIONEZ, BURURA ZETORKIGUN GUZTIA ERRONKA BEZALA IKUSTEA ERABAKI GENUEN. KIROLARIONTZAT EZ DAGO EZER HOBERIK, ERRONKA BAT AURRERA ERAMATEA BAINO

Edukien berrantolaketa izan zen gure lehenengo erronka. Gorputz Heziketako beste irakasleekin harremanetan jarri eta adostu ikasleei jarriko genizkien erronka guztiak. Erronka guztiak lehen hilabeterako jarri ziren, ikastolara etorri gabeko denbora-tartea horrenbestekoa izango zelakoan… Baina guztiok dakigunez, ez zen horretan geratu konfinamendua luzatzen joan zen eta.

Ikasleen kezkak hasi ziren, beste edonorenak bezalakoak, etxeko familiekin eta bideodeien bidez besterik ez baitzeukaten jendearekin kontaktatzeko aukerarik. Hori dela eta gu Gorputz Hezkuntzako irakasle izatetik, psikologo, motibatzaile eta ‘kontzientziatzaile’ izatera pasatu ginen. Ikasleen kezkak entzuteko eta kontrolatzeko orduak eta orduak eman ditugu: autokontrolerako ariketak, kexak alde batera uzteko hitzaldiak eta gure alde onak azaleratzeko ekintzak baita ere.

Hau guztia pasatu dugu, baina esan bezala, guk heziketa fisikoa garatzea daukagu helburu eta konfinamendu garaian ariketa fisikoa egitearen beharra handia zen, ez fisikoki ekartzen dituen onurengatik bakarrik, alde psikologikoan ere izugarri laguntzen digu eta. Horregatik, ikasleak aktibo mantentzen saiatu gara eta ahal izan den heinean, etxeko jendea ere inplikatzen. Erronka kolektiboak jarri ditugu horretarako, non talde lana zein familiarena erronkaren funtsezko atala izan diren.

Denbora pasa ahala, ikastola bueltatzeko itxaropena desegiten joan da, izan ere, bueltatuz gero, ez genekien zein baldintzatan eraman genezaken gure ikasgaia aurrera… Kontakturik ez, aldagelak erabili ezina, gimnasioak agian gela bihurtuko ziren… Honekin guztiarekin erronkak bidaltzea are zailagoa izaten zen; ikasleak aspertzen hasiak zeuden eta ariketa fisikoa egitearen baldintza garrantzitsuenetarikoa gogotsu egitea da.

Hortik, nire ukitua ematea erabaki nuen eta online egiteko entrenamendu saioak prestatu nituen. “Patri Jordan”en antzera, logelan ordenagailuaren kamera piztu eta ikasleekin aurrez aurreko ariketa fisikoak egiten nituen. Ikasleen erantzuna bikaina izan zen, elkarrekin entrenamendu horiek aurrera eramatea esperientzia izugarria izan da.

Teknologiekin arazoak izan ditugu baita; hemendik eskerrak eman behar dizkiogu ikastolari egoera berezi honen aurrean egindako ahaleginengatik . Bai teknologiari dagokion jasotako prestakuntzagatik (Nerea Fernadezek eta bere ekipoak zerikusi handia izan dute honetan), bai irakasleoi gure lana aurrera eramateko eskainitako baldintzengatik .

Bukatzeko, irakasleok “Teknologia Masterra” gainditu dugula esan dezakegu. Nahiz eta irakasleon lana bikoiztuta edo hirukoiztuta egon den (lanak bidaltzeaz aparte, aurretik prestatu, gidatu eta zuzendu behar izan ditugu), itzela izan da bizipena eta ikasleekin izandako lotura. Berrogeialdiak hobetu gaitu, bai arlo profesionalean bai eta pertsonalean ere.

Aitor Villar

Utzi iruzkin bat