KlubaKooperatibaren ahotsak... Argitaratuta

FUTBOL ETA SASKIBALOI TALDE FEDERATU BERRIAK

2018/2019KO DENBORALDI HONETAN BI KATEGORIA FEDERATU BERRESKURATU DITU ASTI LEKU KLUBAK: SASKIBALOIAN BATA –NESKA KADETEAK– ETA FUTBOLEAN BESTEA –ERREGIONAL MAILAKO MUTILAK–.

 

1983. urtean fundatu zenetik, kooperatibaren proiektu globalaren baitan, Asti Leku Klubak harro erabili du Asti Leku izena Bizkaiko geografia osoan barrena. Orduko lehenengo denboraldi hartan (1983/84) hiru futbol talde osatu ziren (saskibaloikoa urtebete geroago osatu zen neskez osatutako junior taldearekin).

35 urte joan dira, eta epe horretan hamarka txapelketa irabazi dira, asko izan dira mailaz igo direnak, baina gazte milaka batzuk prestatu izana da gehien harrotzen gaituena.

2018/2019ko denboraldi honetan, gainera, bi kategoria federatu berreskuratu ditugu; Erregional mailako futbol talde bat, gizonezkoena –Asti Leku 2007/2008 denboraldian estreinatu zen kategoria horretan– eta saskibaloi talde bat, neska kadeteekin –1986/87 denboraldian osatu zen lehenengoa–.

Asti Leku bi kategoria horietara itzuli da ikastolako futbol eta saskibaloi eskolek azken urteetan egin duten lan handiari esker, eskola kirola kategorietatik igaroz eta, futbolaren kasuan, geroago, klubaren oinarrizko kategorietatik pasata.

Jokalari horietatik gehien-gehienak geure harrobietatik etorriak dira, eta beraz, kide izatearen sentimendu bizia dute, eta hori funtsezkoa da goiko kategorietara iristeko eta kategoria horiei eusteko.

Berreskuratutako kategoria federatuaz gain, denboraldi honetan 5 talde ditu Asti Lekuk saskibaloian, guztira 80 jokalari baino gehiago.

Futbolean gutxi gorabehera 325 jokalari dauzkagu eskola kiroleko 11 taldetan, 5 talde federatutan eta futbol eskolako 2 taldetan banatuta.

Presa eta ezer gutxi irauten duen ospe nahia nagusi diren garaiotan ongi egindako lanaren garrantzia, ahalegina, konstantzia, “taldea egitea”, errespetua, kide izatearen sentimendua… lehenesten ditugu Asti Lekun. Balio horiek, belaunaldiz belaunaldi harro eramateaz gain, lagun ditugu inguruko beste erakundeekin eta instituzioekin dauzkagun harremanetan (kirol, eskola, gizarte eta kultura harremanak), haiekin jarduten baitugu gure hirian kirola sustatzeko (Portukirolak, CB Oribeltza, Kanpazar, Club Portugalete…).

Leave a Comment