Hizkuntza ProiektuaIkastolaren ahotsak... Argitaratuta

EUSKARALDIA ETA EUSLE, EUSKARAREN ALDEKO EKINTZA SOZIALEN URTEA

AURTEN EUSKARAREN SUSTAPENEAN EZAGUTU ETA BIZI IZAN DITUGU OSO GOGOANGARRIAK DIREN BI PROGRAMA. ZIUR ASKO, HURRENGO URTEETAN ERREFERENTZIAZKO PRAKTIKAK IZANGO DIRA EUSKALGINTZAN. ASTI LEKUN, NOLA EZ, ERRONKA HORIEI HELDU DIEGU, ETA ESAN DAITEKE, EZ DIRELA INOR OHARTU GABE PASATU.

EUSKARALDIArekin hasi ginen azaro aldera. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean jo eta ke murgilduta egon ginen “belarriprest” eta “ahobizi” gure euskarari astindua eman nahian. Helburua euskararen erabilera ingurune sozialetara ekartzea zen. Horretarako hizkuntza ohiturak aldatzea aldez aurretiko baldintza zen. Bazirudien euskaldun aktiboari, hau da, ingurune sozial konkretu batean euskara erabiltzeko ohitura duenari dei egiten zitzaiola, berriro ere, bere euskara zaletasuna erakus zezan. Baina ez zen horrela, ezta gutxiago ere. Oker ginen horrela pentsatzen genuenok. Gehien bat, erdaldunari edo euskara jakin arren, erdara erabiltzen duenari luzatzen zitzazion gonbita, behintzat bere belarri abegitsua jar zezan, euskaraz hitz egiten zionari entzuteko. Euskaraz hitz egiteko ohitura edo erraztasun handiagoa duenak lehen hitza egingo zuen euskaraz, eta noski, bigarrena ere bai.

Ariketa sozial honek ez zuen harrera txarrik izan Batxilergoko ikasleen artean. Hirurogeita hamar ikasle inguruk eman zuten izena Euskaraldian parte hartzeko. Egiatan, aste horretan uneoro euskararen hautua egin zutenak ez dira horiek guztiak izan. Baina, egiten dugun balorazioa ona da.

Eta zein izango zen Euskaraldiari buruz ikasleek egingo zuten balorazioa? Galdetu egin diegu. Ikasleen iritzia jakin nahi izan dugu, eta ohikoa den modura, galdeketa bat prestatu genuen Batxilergoko gela guztietan pasatzeko. Galdetu genien ea Euskaraldia izan den egunetan hizkuntza ohiturak aldatzea lortu duten ala ez. Batxilergoko bigarren mailan batez ere erantzuna itxaropentsua izan da. Hogeita hamazortzi ikaslek esan zuten nahiko edo asko aldatu direla haien ohiko hizkuntza ohiturak. Lehen mailako erantzuna eskasagoa izan da. Maila horretan aitortzen dute Euskaraldiaren eragina txikia izan dela.

Hala ere, bai batzuek bai besteek inkesta horretan esan ziguten hemendik aurrera antzeko ekimen batekin jarraitzeko prest egongo zirela eta beraz, hurrengo urtean errepikatzea ideia ona dela. Batxilergoko bigarren mailan, adibidez, berrogeita bost ikaslek adierazi zuten prest egongo zirela. Horrek animatu gintuen EUSLE proposamenarekin aurrera egiten. Eusle metodologia eguneroko harremanetan euskaraz hitz egiteko ohitura sortzeko ariketa bat da. Parte hartzaileek konpromiso hartzen dute elkarrekin daudenean euskaraz egiteko. Ariketa hau talde txikietan egiten da. Haiek euskarari helduko diote eta, hortaz, euskararen “Eusleak” izango dira. Eusle taldeak berak jartzen du ariketa honen iraupena. Haiek esaten dute noiz arte luzatu nahi duten ahalegina.

Proposamena geletan komunikatu eta berehala sortu zen talde bat. Talde txikia izan zen, baina eskertzekoa da haiek emandako urratsa. Batxilergoko bigarren mailako ikasle hauei gure eskerrik beroena: Aitor Gonzalez, Endika Arza, Markel Otsoa, Jone Gutierrez, Ilargi Garai, Oihane Etxebarria, Maddalen Ortuzar, Elena Castro, Ainhoa Paredes eta Nagore Domingori.

Jon Peli Lazkano

Leave a Comment