Ikastolaren ahotsak... Argitaratuta

EGOKITZAPEN PROZESUA HAUR HEZKUNTZAN

COVID 19AREN HEDAPEN ESPONENTZIALAREN ONDORIOZ AURREZ AURREKO KLASEAK ETETEAK GURE HEZKUNTZA SISTEMAREN EGITURA OSOA HANKAZ GORA JARRI ZUEN. ETAPA GUZTIETAN, EGUN BATETIK BESTERA, KAOSA. EGUNAK IGARO AHALA, LASAITZEN JOAN GINEN, ETA 2 ETA 18 URTE BITARTEKO IKASLE GUZTIEI ARRETA EMATEKO EGITURA BERRIA ANTOLATU GENUEN.

Hezkuntzako etapa bakoitzak bere espezifikazioak ditu, Haur Hezkuntzako umeek esperimentatzen, manipulatzen, jolasten, beste ume batzuekin eta hezkuntza komunitateko beste heldu batzuekin elkarrekintzan aritzen ikasten dute. Hori guztia desagertu egin zen eta ikasteko tresna horiek guztiak debekatuta geratu ziren. Etxean konfinatu gintuzten eta ikasturtearekin jarraitu behar izan genuen, horrek dakarren guztiarekin.

Haur Hezkuntzako taldeak gure burua berrasmatu behar izan genuen. Guk gorputz osoa erabiltzen dugu gure ikasleen arreta lortzeko, ahotsaren modulazioa, keinuak, begirada, laztan bat, azaletik azalera egiten den hezkuntza da, eta ordenagailu baten pantailak ez zigun hori ematen; beraz, lanari ekin genion eta emaitza ona izan da.

Gure lana bi multzo handitan banatuta egon da: denbora errealean hitz egiteko aukera eman diguten bideo-deiak, eta aste osorako proposamen didaktikoa (jarduera bat eguneko).

Lehenengo bideo-deiak kontaktukoak ziren, zelan zeuden ikusteko, zelan bizi zuten konfinamendua. Gero, eta egoeraren arabera, taldeko bideo-deiak egin ditugu, euskara bultzatzeko jolasak eginez. Denbora asko izan denez, bideo-dei horiek asko aldatu dira, oso ume txikiak direlako, eta ezusteko faktorea eta berritasuna desagertu ahala, kasu batzuetan euren interesa gutxituz joan delako.

Proposamen didaktikoak hobetuz joan dira astero. Lehenengo egunetan, gure helburua familiei zenbait baliabide bidaltzea izan zen, hezkuntzako etapa honetako umeek jakiteko, egiteko eta mugitzeko duten beharrari erantzuteko. Aurrerago, proposatzen genituen jarduerak askoz landuagoak ziren eta bat zetozen gure etapako maila bakoitzerako helburuekin. Askotariko jarduerak izan dira, ipuinak, letrekin egindako jolasak, zenbakiak, erronka dibertigarriak, mugimendu-ariketak, abestiak, errutinak, esperimentuak, jarduerak eta jolasak ingelesez, denetarik pixka bat. Gainditu behar izan dugun beste handicap bat jarduera guztiak familiek etxeetan zituzten materialekin egin behar zirela da, eta batzuetan zaila izan da.

Balorazio orokorra positiboa da, denok asko ikasi dugu, ikasleek eta irakasle talde osoak. Baina, zalantzarik gabe, ikastolako txikienek ukitu, manipulatu, sentitu, eta barre, negar, korrika eta salto egin behar dute ikasteko. Berriro ere erakutsi digute egoera berrietara egokitzeko ahalmen izugarria dutela, baina ikasteko modurik onena eskuak zikintzea da.

Josune L. de Vergara

Utzi iruzkin bat