KlubaKooperatibaren ahotsak... Argitaratuta

DENBORALDI BERRIA MARTXAN DA

DENBORALDI BERRIA MARTXAN DUGU DAGOENEKO. IZAN ERE AURREDENBORALDIKO ENTRENAMENDUAK IRAILEAN HASI ZIREN, TALDE FEDERATUEK URRIKO LEHEN ASTEAN HASITAKO LIGAKO LEHIAKETEI AHALIK ETA SASOI ONENEAN AURRE EGITEKO.

Garrantzitsuak dira lehiaketen hasierak denboraldiaren amaierako helburuak lortu ahal izateko. Momentuz talde federatuek ondo ekin diote ligei, esate baterako, igo berri den kadeteen A taldea gogotsu hasi da eta zenbait puntu eskuratu ditu, kadeteen lehentasunezko maila mantentzeko garrantzitsuak direnak. Gazteen talde biek, zein lurraldeko taldeek partida gehienak irabaztea lortu dute eta momentuz sailkapeneko aurreneko postuetan daude.

Talde hauetaz gain kadeteen bigarren mailan beste talde bat daukagu. Federazioak talde bakarra onartzen duenez kategoriako, Alberri izeneko kluba sortu behar izan dugu ikasle gazte hauek gurekin jokatzen jarraitu ahal izateko. Ahalegin berezi honek entrenatzeko dauzkagun espazio eta zelaietara moldatzera behartu gaitu, baina gustura egin dugu.

Asti Lekuko II. Futbol Eguna

Iaz bezala, futbolzale guztiek elkarrekin egun ederra pasa zezaten, iraileko azken asteburuan Asti Lekuko Futbol egunaren 2. edizioa ospatu genuen ikastolan. Familiak, entrenatzaileak, jokalariak -txikiak zein nagusiak- bildu ziren futbolaren inguruko hainbat ekintzaz gain indaba jan ederra ere eskaintzen zuen jardunaldi honetan parte hartzera.

Eskola kirolekoak ere, abian dira

Eskola kirolean esku hartzen duten taldeek, futbolekoek zein saskibaloikoek, urrian hasi zituzten entrenamenduak. Uda bukatutakoan irrikan zeuden entrenatzen hasteko. Baloi bana hartu eta… ekin lanari!

Gure neska-mutilak urriko azken astetik daude lehiatzen. Eskola kiroleko lehiaketek, ez daukate federatuenek besteko garrantzirik, euren helburua hobetzea, etapa bakoitzean landu beharreko abilezia ezberdinak lantzea, parte hartzea eta ondo pasatzea da-eta.

Saskibaloiko jokalarien kopuruak handitzen jarraitzen du

Duela bost urte saskibaloia bultzatzeko plana abiatu genuen jokalari eta talde kopurua areagotzeko helburuarekin. Garai horretan 40 ikaslek egiten zuten saskibaloia ikastolan, gehienak talde heterogeneoetan, ez baitzegoen behar beste ume maila guztietan talde homogeneoak ateratzeko.

Badirudi ahaleginek eta lanak onura ekarri izan dutela, ikasturte honetan 100 jokalari baino gehiago ditugu-eta. Saskibaloiaren gorakada honek bederatzi talde izatera eraman gaitu, eta honen ondorioz, eskas samar geratu zaizkigu baliabideak eta espazioak. Egoera berri honi aurre egiteko espazioak berrantolatu eta saski berri bi erosi ditugu.

Zaletasunaren igoera honek patioetan aspalditik ikusten ez genuena ere berreskuratzeko balio izan du: egun edozein momentutan entzuten da saskibaloiaren hotsa, boteak eta mateak nonahi jaurtitzen diren bitartean. Horrela da bai, saskibaloia ikastolan berriro errotzen ari den kirola da; gure erronka lortu dugula esan genezake, baina ez gara geldituko. Hobetzeko ahaleginak egiten jarraituko dugu.

Aupa Asti Leku!

Aitor Villar

Utzi iruzkin bat