Kooperatibaren ahotsak... Argitaratuta

COVID 19/BERROGEIALDIA 6 GALDERATAN

COVID 19AK ERAGINDAKO ALARMA EGOERAK ETA KONFINAMENDUAK GUZTION BIZITZA ERALDATU DUTE, GURE EGUNEROKO JARDUERAK, PORTAERAK, AZTURAK ETA HARREMAN MOTAK HANKAZ GORA JARRI ETA BESTE JOKABIDE BERRI BATZUEKIN ORDEZKATZERA BEHARTU GAITUZTELARIK

Asti Lekuko zenbait pertsonarekin hitz egin dugu ezagutzeko zernolako eragina izan duen berrogeialdiak haiengan. Horretarako, sei galdera laburrez baliatu gara:

  1. Norekin igaro duzu konfinamendua?
  2. Zer izan zen berrogeialdiaren hasieran gehien kostatu zitzaizuna?
  3. Zein ohitura berri hartu zenituen? Haietatik zeintzuk mantentzen dituzu itxialdia bukatutakoan?
  4. Ikastola bota al duzu faltan? Zertan?
  5. Ezer berririk egiten ikasi al duzu?
  6. Zure ustez, zer izan da itxialdi honetan ikusi, ikasi edota bizi izandako onena? Eta txarrena?

Hona hemen Esti Alda Asti Lekuko langilea eta Olatz ikaslearen amak, Elena San Miguel, Xabier Etxegarai, Maite Caro, Eider Urrutia, Egoitz Hormes, Ander Casas eta Roberto Fernández irakasleek, Leire López, ikastolako ama eta Eskola Kontseiluko kideak eta Jon Eneko Echeandia batxilergoko ikasleak kontatu digutena konfinamenduan bizi izandakoari buruz.

Eider Urrutia

  1. Bikotekidearekin (eta txakurrarekin).
  2. Etxetik ez irtetea, eguneroko ohitura hori hartzea eta ez jakitea zenbat iraungo zuen.
  3. Etxean gimnasia egitea eta telelana aurrera eramatea. Telelanarekin soilik jarraitzen dut (gimnasia ahaztuta).
  4. Bai, lankideekin egotea eta partekatzea eguneroko gauzak, zalantzak, etab. Eta ikasleekin errazagoa delako eskolak aurrez aurre burutzea online baino, harremana hurbilagoa baita.
  5. Baliabide digitalekin erraztasun handiagoz lan egitea.
  6. Ikustea gizakiek edozein ezustekoren aurrean daukaten egokitzapen maila. Batzuetan egunak berdinak zirela bazirudien, behin eta berriro errepikatzen zela egun berbera, nahiz eta orokorrean asteak oso azkar pasatu diren.

Xabier Etxegarai

  1. Etxekoekin: emaztea, alaba biak eta laurok egon gara etxean.
  2. Familiako egoera aurrera eramatea gure lanarekin uztartuz. Alaba biek eskolako lanak zituzten eta oraindik txikiak direnez laguntza behar izan dute horiek egiteko. Emaztea eta biok, irakasleak izanda, telelana etxetik egiten genuenez ordutegi antzekoarekin, ezin dena aurrera eraman. Arratsaldera arte gure etxeko giroa zoramena zen!
  3. Herri txiki batean bizi gara eta itxialdia bera ere beste era batekoa izan da. Hasiera batean tarteak, lagunarteko kopuruak… zaintzen genituen. Baina orain, itxialdia bukatutakoan, mantentzen dugun bakarrenetakoa eskuak sarri garbitzea da.
  4. Bai, eta asko! Bertan errutina, ordutegia, jantoki zerbitzua, toki fisikoa, elkarrenganako hurbiltasuna… finkatuak dauzkagu eta horrek asko laguntzen nau nire eginkizunetan. Gainera, nire kasuan etxean umeekin, beraiek lagundu beharrarekin… nire lanean zentratzeko zailtasunak izaten nituen sarritan.
  5.  Teams plataforma erabiltzen, eskatutako lanak edota zereginak ordenagailuz zuzentzen… Bereziki, ikasleekin urrunetik arloa emateko baliabideak erabiltzen.
  6. Konturatzea gure etapan zein garrantzitsua den umeekiko hurbiltasuna, haiek beraien lagunekin aurrez aurre erlazionatzea; eduki edo ikasgai-zerrendaz gain beste zenbait kontu bereganatzen dituzte ikasleek ikastolako eguneroko hartu-emanetan…
    Bestalde, txarrena ezintasuna: ezin hainbat ikaslerengana heldu, ezin lortu ikasleak konektatzea, ezin beraiekin harremanetan jarri, ezin ikusi beraien aurpegiera…

Esti Alda, Asti Lekuko langilea eta Olatz ikaslearen ama

  1. Konfinamendua alaba eta senarrarekin igaro dut.
  2. Hasieran gehien kostatu zitzaidana nire alabari online eskolekin laguntzea izan zen, guretzako dena berria zen eta.
  3. Egunero arratsaldeko 8.00etan balkoira ateratzen ginen eta gure harremanak indartu ditugu.
    Orain, ordurarte harremanik izan ez genuen auzokideekin hitz egiten dugu.
  4. Bai izugarri bota dut faltan.
    Jantoki eta buseko lana, ikastolako giroa, lankideak, umeak, irakasleak…
  5. Niri sukaldean egitea ez zait batere gustatzen eta konfinamendu honetan denetarik egiten ikasi dut. Batzuetan liburu batekin, beste batzuetan amarekin bideodei baten bidez.
  6. Onena: familiarekin etxean gozatu dut. Gure harremanak indartsuagoak dira orain.
    Konturatu naiz gauza materialak ez direla hain garrantzitsuak. Txarrena: ama, ahizpa, ilobak, lagunak ez ikustea oso gogorra izan da niretzat.

Maite Caro, irakaslea

  1. Nire familiarekin.
  2. Lana berrantolatzea. Eta umeen ikasketak eta nire lana aldi berean egin behar izatea.
  3. Saiatu gara ohiturak ez aldatzen. Hasieratik ordutegia eta pautak ezarri genituen.
  4. Umeak etxean izatea egun osoa eta aita eta ama izateaz gain euren irakaslea izatea oso gogorra egin zaigu gurasoei. Umeak triste egon dira, lagunak faltan botatzen zituzten eta.
  5. Familia oso garrantzitsua dela. Eta zaindu behar dugula. Ikasi dudana niretzat gordetzen dut.
  6. Lan karga itzela izan da. Etengabeko laneguna. Goizean goizetik altxatu eta ordenagailuaren aurrean gauera arte.
    Familiarekin egoteko hainbat momentu galdu ditut lanagatik.

Elena San Miguel, irakaslea

  1. Nire bikotekidearekin igaro dut.
  2. Lanera ez joatea, horrek errutinatik kanpo gelditzea zekarrelako; egunean 8 ordu beste “lan mota” batekin bete behar genuen, eta hori oso zaila izan zen.
    Horrez gain, kalera ez irteteak egoera latzagoa bihurtu zuen, lan orduetatik kanpo etxean jarraitu behar genuelako eta horren ondorioz nire zaletasun asko bertan behera gelditu ziren.
  3. Ohitura berri gutxi hartu nituen -bakarra izan zela esango nuke-, kirola egitea, besteak banituen eta. Oso pertsona aktiboa naiz, ez dut gustuko geldi egotea eta etxea txiki gelditzen zitzaidan, baina halabeharrez hor egon behar genuenez, kirola etxean egiten hasi nintzen. Ez dut uste kirolaria naizenik, baina egunero ordu bat mugitzeak lagundu zidala uste dut, psikologikoki batez ere. Zoritxarrez, ez dut ohitura hori mantendu itxialdia bukatu eta gero.  
  4. Bai, hasieran egun gutxi batzuk baino ez zirela izango pentsatzen nuen eta ez nion garrantzi handirik eman. Baina egoera luzatuko zela ikusi nuenean, ohartu nintzen ikastolan pasatzen ditugun orduak asko direla eta bertako hainbat gauza botako nituela faltan. Gehien bota dudana faltan lankideekiko harremana eta ikasleekin egunero egotea izan da.
  5. Kozinatzen “ikasi” dut. Sukaldean egitea ez zait batere gustatzen eta ezin dut esan sukaldari bikaina naizenik, baina egunero bazkaria prestatu behar izateak derrigortzen zaitu horretan interes apur bat jartzera eta gutxi izan den arren zerbait ikasteko aukera izan dut. Eskerrak ikastolan bazkaltzeko aukera daukagula…
  6. Batetik, niretzat latzena kasu batzuetan gizartearen zentzugabekeria ikustea izan da. Leihotik begiratu eta ikusteak kalean pertsona batzuk ezer gertatuko ez balitz bezala zeudela gu etxean sartuta geunden bitartean amorru itzela ematen zidan. Ez dut ulertzen hain egoera larriaren aurrean batzuen arduragabekeria edo, are txarragoa, zuzenean osasun neurrien kontran joatea.
    Eta  bestetik, bizi izandako onena zera izan da: baieztatu ahal izan dudala, eta uste dut honen ostean inoiz ez zaidala ahaztuko, zorionekoak garela. Ez dakigu zer dakarren etorkizunak, baina bitartean bizitzaz gozatzen harrapatu gaitzala.

Leire López, ikastolako ama eta Eskola Kontseiluko kidea

  1. Nire bizitza oso normala izan da. Astelehenetik ostiralera lan egiten egon naiz, erizaina naiz eta. Ez dut konfinamendurik egin.
  2. Jendearekin eta lagunekin ez egotea, egunero lan egitea, nire familiari ez kutsatzen saiatzea eta batez ere laneko estresarekin bizitzea… Oso gogorra izan da.
  3. Etxean kirol desberdinak egiteko ohitura hartu dut, adibidez: kardioa, yoga…, eta denak nire familiarekin. Oso gustura egon naiz. Dibertigarria izan da eta ohitura gaur egun mantentzen dut.
  4. Noski baietz!!!! Batez ere semeek bota dute faltan, lagunekin egotea, andereñoekin ikastea, eta batez ere galdu genituen errutinak: ordutegiak, otorduak…
  5. Guztiok, familia osoak, postreak, janari berriak… kozinatzen ikasi dugu.
  6. Onena:  nire familiarekin egoteko denbora edukitzea, gauzak egiteko presarik ez izatea, nire semeekin gauza desberdinak egitea…
    Txarrena:    egunero  lan egitea, nire seme nagusiarekin etxerako lanik ezin egin, nire familiari kutsatzeko beldurra, lagunekin ezin egon, aitite-amamak ilobekin ere ez…

Jon Eneko Echeandia, ikaslea

  1. Nire gurasoekin igaro dut konfinamendua.
  2. Familia eta lagunak ez ikustea gogorra egin zitzaidan hasieran, ikastolara ez joatea faltan bota dut, izan ere, errutina bat izatea asko gustatzen zait.
  3. Konfinamenduan zehar hirurok  hartutako ohitura aipagarrienak bi dira, alde batetik ostiralero familia guzti-guztia elkartzen ginen skyp-en bidez, pizza bana egiteko, bestalde, arratsaldero kirola egiten genuen egongelan. Itxialdia bukatutakoan lehenengo ohitura mantendu dugu, posiblea denean astero nire izekoren etxean elkartzen gara lehengusu-lehengusin guztiak elkarrekin afaltzera.
  4. Lehen aipatu dudan moduan asko bota dut faltan ikastola, baina ez lehen aipatutakoagatik bakarrik, ikaskideak ez ikustea ere zaila egin zait.
  5. Etxean hainbeste denbora eman ostean, denbora hobeto aprobetxatzen ikasi dut. 
  6. Gizarte guztia elkartzen garenean elkarrekin geldiezinak garela ikasi dut, oso hunkigarria iruditu zitzaidan txaloen ekimena. Hala ere, deskonfinamenduaren hasieran zenbait jarrerak asko mindu ninduten, jendeak arauak ez errespetatzea, besteen bizitzak arriskuan ipinita, ez zitzaidan batere gustatu.

Egoitz Hormes, irakaslea

  1. Nire familiarekin.
  2. Lana eta familia uztartzea oso zaila egin zitzaidan eta oraindik ere oso zaila egiten zait.
  3. Ez dut ohitura berririk hartu, ezohiko egoera berri honetara moldatu behar izan naiz ezinbestean.
  4. Bai, ikastola faltan bota dut. Ikasleekiko harremanak, haiekin irakaskuntza zuzena izatea eta lankideekin lan egitea. Azken batean,  egunerokoa arruntasunez eraman ahal izatea.
  5. Lanari lotutakoaz aparte, ez dut ezer berririk ikasi.
  6. Onena, egoera honen ondorioz sortu den elkartasunezko giroa lana aurrera eramateko orduan.
    Txarrena aldiz, telelanaren gabeziak sortzen duen ezintasuna. Argi dago baliabide teknologikoek ezin dutela irakaskuntza zuzena ordezkatu.

Ander Casas, irakaslea

  1. Bikotekidearekin, biok bakarrik.
  2. Hasieran gauean lo egitea asko kostatzen zitzaidan eta oso berandu lokartzen nintzen.
  3. Astean birritan edo hirutan ordu beteko kirol saioak egitea, egun osoa sofan etzanda egotea ezinezkoa izaten nuen. Asteko bazkari guztiak programatzea, guk ez dugu inoiz etxean bazkaltzen gure lanean bazkaltzen dugulako eta bakarrik afariak egiten genituen; konfinamendua eta gero ohitura hori mantentzen dugu.
  4. Bai, asko. Umeekin eta kideekin kontaktu zuzena edukitzea. Etxetik askotan gauza asko bidetik galtzen dira eta “erraza” den gauza bat zaila bihurtzen da. Ume askok gure beharra izan dutela ere nabaritu dut, eta momentu askotan ezin izan diegunez eman behar zuten erantzuna, horrek momentu askotan frustrazioa eragin dit.
  5. Existitzen ez zen sistema batetik eskolak bideratzea. Oso zaila izan da irakaste-sistema berria etxetik sortzea. Baina ekinez eta guztion laguntzarekin (langile zein familiena) lan errutina bat sortu dugu. Teknologia berriak hobeto menperatzen ere lagundu dit.
  6. Gure egunerokotasunean genituen gauza txikiak baloratzea. Adibidez: paseo bat ematea, familiarekin bazkaltzea, lagunekin terraza baten egotea… Gauza horiek “kendu” dizkigutenean hasi  gara gauza horiek guztiak baloratzen. Gertatu zaidan gauzarik onena, nire urtebetzea izan zen,  aurten inoiz baino dei eta mezu gehiago jaso ditut, eta egun horretan nire gelako ume guztiek bideo bat egin zidaten zoriontzeko; oso hunkigarria izan zen.
    Txarrena seguraski, arratsaldeak izan dira, luze-luzeak izaten baitziren eta pentsatzeko denbora gehiegi izaten genuen; momentu batzuetan bazirudien egoera latz horrek ez zuela irtenbiderik izango, gero eta txartoago geundelako; horrek ere ez zuen laguntzen…

Roberto Fernández, irakaslea

  1. Nire ohiko etxebizitzan igaro dut, nire emaztearekin.
  2. Nahi nuen momentuan kalera irten ezina. Egunak, batez ere jai egunak, luze egin zaizkit eta, batzuetan, ibiltzeko behar fisikoa somatzen nuen. Azkenean hainbeste ordu betetzea ez da erraza izan.
  3. Nik betidanik, ohitura daukat kirola eta ariketa fisikoa egiteko. Kalera irten ezin horrek, hasieran, eta kiroldegia itxita egoteak, geroago, behartu naute aukerak bilatzera, eta sekula egin ez dudana egin dut: ariketa fisikoa (ez dut kirola esango) etxeko egongelan. Niretzat etxea, batez ere, atsedenerako lekua da. Egoera honetan txip hori aldatu eta “kiroldegitzat” ere hartu dut. Gainera, lagun batek bultzatuta, istorio laburrak idazten eman dut denbora. Ohiko bizimodura, bete-betean, itzultzen garenean ez dakit bigarrenari eutsiko diodan, saiatu egingo naiz. Lehenengoari ez, aldiz, kirola horretarako diren esparruetan egingo baitut berriro ere.
  4. Asko, egia esan, nik uste nuena baino gehiago. Batez ere umeekiko kontaktua, irakaskuntza eta hezkuntza jardun zuzena, bertatik bertakoa, hurbilpen fisikoak errazten duena. Afektibitatearen beroa ezin da era telematikoan helarazi eta, nire lana egiten dudan mailetan, hori ezinbestekoa izaten da. Pantaila baten aurrean irakatsi leike? Baliteke, baina hezi ez.
    Lankideekiko harremana ere falta izan dut.
  5. Egia esan ez dut uste trebetasun berririk garatu dudanik. Lehen esan dudan bezalaxe, zertxobait idazten ari izan naiz eta, horretan, jariotasuna hobetu dut, baina berri-berria ez nuke nik esango.
  6. Onena gizartearen zenbait sektoreren inplikazioa, guztion onerako, inolako interesik gabe egindako lana, boluntarioak, babes zibilean diharduten gizon-emakumeek… nola eman duten barruko guztia, sarri haien buruaren gainean arriskurik hartuz, gizartearen onerako. Txarrena txanpon beraren atzealdea izan daiteke: gutxi batzuen (gutxi, hori azpimarratu nahi dut) solidaritate falta, edozein aitzakia hartuta kaleratzeko aukerarik galdu ez duten zenbait auzokiderena. Zorionez, askoz ere gehiago izan dira behar bezalako jarrerari heldu diotenak, besteak baino. Umeen erantzuna eta ahalegina ere aipatu behar da; askotan arduratsuago jokatu dute txikiek, adinez helduek baino.
Asti Leku ikastola

Utzi iruzkin bat