HARTUTAKO NEURRIAK... Argitaratuta

ASTI LEKUN HARTUTAKO NEURRIAK

2020/2021 IKASTURTEA HASI AURRETIK, BEHIN ASTI LEKUKO KONTINGENTZIA PLANA EGINA, AURKEZTUA ETA ONARTUA, BERTAN JASOTAKOA PAPERETIK PRAKTIKARA ERAMATEARI EKIN GENION.

Ikasturte hau ahalik eta normalena izan zedin, oso gogor lan egin behar izan zen aurretiaz, batez ere zerbitzuei zegokienez, era seguruan eskaintzeko ezarri beharreko neurriek nabarmen eragozten baitzuten haien bideragarritasuna.  

Asti Lekuko Zuzendaritzak argi zeukan jantoki, garraio eta “egun on” zerbitzuak mantentzea lana eta familia bateragarri egiteko oso garrantzitsua zela eta horrexegatik, zailtasunak zailtasun, ikasturte korapilatsu honetan ere abian jartzea erabaki zuen, beti ere ahalik eta baldintza seguruenetan garatu zitezen behar beste neurri hartu zirelarik.

Horretarako giza baliabideak eta materialak nabarmen areagotu behar izan ziren: bi jantoki berri ireki –horrek altzariak, labeak, erretiluak… erosteko beharra ekarri zuen-, jantokiko begirale gehiago kontratatu -baita egunon zerbitzu, patio eta garraiokoak ere-, garbiketa-zerbitzuko langile kopurua eta lan-orduak igo…

SEGURTASUN NEURRI BERRIAK

Eusko Jaurlaritzak agindutako neurriak ezarri eta errespetatzea ere ez da lan makala izan, eta zentzu horretan, gure hezkuntza komunitateko kide guztion lana eredugarria izan dela goraipatu behar dugu. Bai langileen, bai familien, bai ikasleen jarrera eta ahaleginari esker, arauak eta gomendioak hasieratik ulertu, onartu eta bete egin direla aitortu ahal dugu.

Gauza bera esan dezakegu higiene ohitura berriei buruz. Osasun eta Hezkuntza Sailek gomendutako neurriei bete-betean jarraitu genien lehenengo unetik: Asti Lekuk,  baliabideak jarriz, eta ikastolako pertsona guztiek, eskatutakoari txintxo jarraituz (gel hidroalkoholikoak, desinfektatzaileak, termometroak, paperontzi berriak, CO2 neurgailuak erabiliz, garbiketa lanak areagotuz, musukoa ondo erabiliz, materiala ez partekatuz –edo partekatuz gero, ondo desinfektatuz-, …).

TARTE FISIKOA MANTENDU ETA KONTATUAK MUGATZEA 

Distantzia eta burbuilak uneoro mantendu ahal izateko gelak eta gainontzeko espazio guztiak berrantolatu behar izan genituen (areto nagusia eta psikomotrizitate gela jantoki bihurtu, laborategiak eta liburutegia gela gisa erabili, atsedenaldirako ordutegi eta espazio espezifikoak esleitu…).

SEINALEZTAPENA

Ikastolan jarraitu beharreko neurriez ohartarazteko, seinaleztapen-sistema bat ezarri genuen, adingabeentzat seinale atseginak eta pedagogikoak erabiliz.

CURRICULUM EGOKITZAPENA 

Batetik, curriculuma, 2. agertokirako (hezkuntza erdipresentzialerako) igarotze hipotetikora egokitu ahal izateko, malgutu egin zen.

Bestetik, esposizio handieneko egoerak eragin zitzaketen irakasgaiak ere egokitu ziren, arriskurik ez zeukaten jarduerak proposatuz. (Batez ere gorputz-hezkuntza eta musika arloetan.)

Ordutegietan ere izan zuen eragina egokitzapen prozesuak, eskoletan ez ezezik, zerbitzuetan, sarreretan, atsedenaldietan, eta irteeretan ere.

COVID GELA ETA COVID ARDURADUNA 

Hiru COVID gela prestatu ziren COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak zituzten pertsonak isolatzeko.

Ikastolako COVID arduradun bat ere izendatu zen.

FAMILIENTZAKO DEKALOGOA

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dekalogoan oinarrituta, familiei helarazi zitzaien jarraitu beharreko jarraibideen zerrenda, prozedura horiek ahal zenetan errespetatzeko eskatuz.

Webgunean jarrita dago.

Utzi iruzkin bat