Aisialdi proposamenakKirola... Argitaratuta

ASTI LEKU KIROLA SUSTATZEN DUEN IKASTOLA DA

IKASTURTE HONETAN KIROLAREN INGURUKO HIRU JARDUNALDI BEREZI IZAN DITUGU IKASTOLAN: I. ASTI LEKUKO FUTBOL EGUNA, IRAILEAN, V. ASTI LEKUKO KIROL EGUNA, APIRILEAN ETA IV. ASTI LEKUKO SASKIBALOI EGUNA, MAIATZEAN. FUTBOL ETA SASKIBALOI EGUNAK FAMILIAN OSPATZEKO JARDUNALDIAK DIRA. KIROL EGUNAK, ORDEA, IKASLEAK, DITU PROTAGONISTA NAGUSI, BAINA HIRUREK HELBURU BAKARRA DAUKATE, KIROLA SUSTATU ETA BULTZATZEA.

ASTI LEKUKO KIROL EGUNA

Kirol eguna 2015. urtean jaio zen. Ikasleen artean kirola bultzatzeko asmotan hausnarketa sakona egin ostean, kirola sustatzeko zenbait ekintza jarri ziren abian, hauetako bat urteroko Kirol eguna antolatzea izan zelarik.

Horretarako ikastolako profesional batzuek osatutako batzordea hasi zen lanean eta, hilabete batzuetako lanaren ostean, hasierako amets hori aurrera ateratzea lortu zuten, 1. emanaldiko kamisetetan zihoazen hitzak “Jolastu, maitatu, sentitu… KIROLEAN aritu” egia bihurtuta.

Ez zen erreza izan 1600 ikasle baino gehiago jardunaldi osoan kirolean aritu zitezen egitaraua prestatzea, ezta kirol egunean bertan hori guztia aurrera ateratzea ere; baina auzolana izan eta izaten denez, ikastolako irakasle eta langile guztien inplikazioari esker egun zoragarria ospatu ahal izan genuen.

Kanpoko laguntza ere izaten dugu Kirol egunean; klub ezberdinetako kirolariak hurbiltzen dira urtero Asti Lekuko ikasleekin praktikatzera zenbait kirol ezberdin, hala nola rugbya, Lacroissea, esku pilota, mahai tenisa, badmintona, slack line-a, arrauna, taekwondoa, boxeoa, irristaketa, skatea, disc golf-a, eskubaloia…

Kirol hauetaz gain, atletismo probak, futbol eta saskibaloi partidak eta txapelketatxoak, ohiko jolasak (zelai errea, “zapitxoa”…), Heziki programakoak, zumba, aerobic…ere izaten ditugu ikastolako gune guztietatik sakabanatuta.

Eta bukatzeko, ezin gara ahaztu jardunaldiaren hasieraz, oso une polita eta berezia baita. Goizeko 10.00etan ikastolako ikasle guztiek, zikloka eta koloreka antolatuta, Kros Txikian parte hartzen dute irakasleekin batera. Nork bere ibilbidea bukatutakoan KIROLA hitza osatzen dute ikastolako patioan. Ikusgarria, benetan!

ASTI LEKUKO SASKIBALOI EGUNA

Arestian aipatu dugunez, kirolaren inguruan burututako hausnarketak eragindako zenbait ekintza jarri ziren abian 2015. urtetik aurrera, horietako bat, Kirol eguna.

Beste proposamen bat izan zen saskibaloia bultzatzeko proiektu sendoa garatzea eta, handik abiatuta, 2016. urtean saskibaloi batzordeari basketa eta familiak batuko zituen egun berezia ospatzea otu zitzaion, hau da, Asti Lekuko Saskibaloi eguna.

Batzordeak jo ta ke ekin zion ideiaren garapenari eta ordu eta buruhauste batzuen ostean lortu zuten Asti Lekuko I. Saskibaloi eguna arrakasta handiz ospatzea.

Oso jardunaldi polita igaro zuten guztiek, nagusiek zein txikiek, elkarri irakasten eta elkarrekin jokatzen, jolasten, eta bazkaltzen.

Eguna, ederra izateaz gain, harrobia egiteko eraginkorra izan zela ere aipatu behar dugu. Izan ere, 2016tik hona saskibaloi jokalarien kopurua gora doa Asti Lekun, ez bakarrik egun honen ospakizunagatik, noski, baina seguru ekimen berri honek eragina izan zuela zaletasuna bultzatzeko orduan.

ASTI LEKUKO FUTBOL EGUNA

Eta hirurik gabeko bi ez dagoenez, ikasturte honen hasieran, hau da, 2018ko irailean, Asti Lekuko I. Futbol eguna ospatu genuen.

Egun berezi hau Asti Lekuko Kirol elkarteko futbol batzordeak antolatu zuen. Prestatze-lanekin udan hasi behar izan zuten, irailaren 29rako dena prest egon zedin.

Futbol eguna, saskibaloikoa bezala, familian ospatzeko ekitaldia da, eta oso harrera ona izan zuen, bai parte-hartzeari, baita zaletasunari eta giroari dagokienez ere.

Talde guztietako jokalariak, familiak, entrenatzaileak eta laguntzaileak batu ziren elkarrekin futbolaren inguruko egun ederra pasatzera eta antolatze-lanetan emandako egunak, kezkak eta nekeak, berehala ahaztu ziren jendearen parte-hartzea eta gozamena ikustean.

Cristina Roy

Leave a Comment