Hizkuntza ProiektuaIkastolaren ahotsak... Argitaratuta

ASTI LEKU ERE EUSKARALDIAREKIN

AZAROAREN 23TIK ABENDUAREN 3RA BITARTEAN EUSKARAREN ERABILERAREN ALDEKO KANPAINARIK HANDIENA BURUTU DA EUSKAL HERRIKO BAZTER GUZTIETAN. EUSKARALDIAREN AMAIERAK EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNAREKIN BAT EGIN DU ETA AURREKO 11 EGUNETAN ZEHAR GARATU DA. HAMAIKA EGUN, MILA EGUN… HAMAIKA ALDIZ, MILA ALDIZ. GUZTIOK ULERTU BEHAR DUGU MEZU HONEN ATZETIK DAGOEN BENETAKO ESANAHIA: EUSKARA GURE AHOETATIK ETA GURE BELARRIETATIK ETENGABE IGAROTZEA.

 

Gauzak horrela, Asti Leku Ikastolak, bere izaeraren barruko bereizgarria euskara bera bada, arreta berezia eskaini behar zion ekintza honi. Beraz, ikastolako agente guztiek, modu batetik edo bestetik, ikastolarekin batera kanpaina honetan parte hartzeko gonbidapena izan dute: langileek, gurasoek eta ikasleek.

Ikasleei dagokienez, bi modu ezberdinez hartu dute parte. Alde batetik 16 urte baino gehiago duten batxilergoko ikasleek kanpainan izena eman zezaten, kanpaina bera azaldu genien geletan, parte hartzeko bideak eta argudioak emanez. Bestalde, 16 urtetik beherakoekin ekintza eta jarduera ezberdinak egin genituen, etapa eta mailaren araberakoak, batzuk EUSKARALDIA hasi baino lehen, eta beste batzuk ospatu bitartean.

Gurasoei begira, euskararen igorleak ez ezik, euskararen aldeko jarrera positiboa erakusteko aukera ere izan zezaten, gizarte mailan erabili diren baliabideez gain, ikastolan ditugun tresnak ere abian jarri genituen: guraso bileretan informazioa zabaldu, zirkular ezberdinak gure plataforman sartu, ikastola EUSKARALDIAren logo eta berriekin apaindu…

Eta langileok ere euskaren aldeko gure konpromisoa adierazi nahi izan dugu kanpaina honetan protagonismoa hartuz: AHOBIZI izan gara 11 egun hauetan, aurreko 11 egunetan izan garen bezala, eta hortik aurrera egongo diren gainontzeko 11 egunetan; BELARRIPREST izan direnei euskaraz egin diegu, eurek ere euskara apur bat gehiago egin zezaten, eta ahal den neurrian, apur bat gehiago ere ikas zezaten.

 

Kanpaina handi honek eduki duen arrakasta begi-bistan dago: har dezagun Euskaraldiaren lekukoa eta izan gaitezen une oro, ahobizi eta belarriprest!

Iñaki Vázquez
Ikastolako Zuzendaria

Leave a Comment