Ikasle ohiakIkastolaren ahotsak... Argitaratuta

ASIER ALCEDO, BERTSO ETA KOPLETARA GRINATUTA

ASIER ALCEDOK ASTI LEKUN EMAN ZITUEN BERE LEHENENGO PAUSUAK BERTSOEKIN. IZAN ERE, GARAI HARTAN IKASTOLAN SORTUTAKO BERTSO ESKOLAKO IKASLEA IZAN ZEN. EGUN, IKASTOLAN DUGU BERRIRO BAINA, ORAINGO HONETAN, BERTSOLARITZA IRAKASLE.

 

Asierrek txikitatik bizi izan du etxean koplen eta bertsoekiko atxikimendua. Horrexegatik ikastolako LHko 6. mailan Juanjo Respaldiza geletara joan zitzaienean bertsolaritzaren oinarrizko eskolak ematera berehala sentitu zuen “bertsoen deia”, eskolaz kanpokoetako bertso eskolaren sorrera bultzatu zuten ikasleetariko bat izan zelarik, baita, nola ez, parte-hartzailea ere.

Ordutik hona hamar urte igaro badira ere, Alcedok (Portugalete, 1996) hasierako ilusio berberarekin jarraitzen du eta orain, bere eskarmentua partekatuz, Asti Lekuko ikasleekin nahiz beste hainbat ikastetxetakoekin ibiltzen da bertso, kanta eta koplekiko grina kutsatzen ahalegintzen.

Irakasteaz gain, txapelketen emozioa eta “beldurra” ere ederto ezagutzen ditu Asierrek. Batxilergoan zegoelarik Bizkaiko eskolartekoan hartu zuen parte, finalerako “txartela” Algortan irabazita. Gernikan lehiatutako finalean gaizki pasatu zuen, eskarmentu faltak jota seguru aski, eta pixka bat baztertuta utzi bazuen ere, aurten berriro animatu da eta Bizkaiko Bertsolarien Txapelketako1. fasea gainditu zuenez, azaroaren 4an 2. fasean lehiatu ahal izan zen Berriatuan.

Baina berarekin izan dugun elkarrizketan aitortu digunez, lehiatzea baino oholtzara igo eta jendaurrean abestea du benetan gogoko.

ASTI LEKU: Asier, duela “lau egun” ikasle eta orain bertsolaritza irakasle zaitugu Asti Lekun…

ASIER ALCEDO: Bai, Bertsozale elkartean nabil lan egiten eta bertatik bideratzen ditugu eskualdeko ikastetxe batzuetako bertsolaritza prestakuntza. Asti Lekun ezezik beste hainbat tokitan ere nabil, esate baterako Itxaropena ikastolan, Buenavistan, Barakaldoko San Juan Boscon…

AL: Zure ikasleak ere, zure garaian bezala, LHko 6. mailakoak dira, ezta? Zer aldatu da ordutik hona?

AA: Mamia eta edukiak berberak dira baina baliabideak eta ikasleen jarrerak, aldiz, oso bestelakoak. Batetik, irakaskuntzako ikus-entzunezko material asko daukagu, batez ere bertsoikasgela.eus-ekoa, eta honek izugarri laguntzen du. Baina, bestetik, ikasleek saio dinamikoagoak behar izaten dituzte, ekintza anitzekoak. Lehen saio osoa ematen genuen kopla bat ikasten eta orain, berehala aspertzen direnez, ariketa ezberdinak sartu behar dituzu saio berean.

Asti Lekuko saio baten laburpentxoa dakarkizuegu bideo honetan:

AL: Zelan topatu dituzu Asti Lekuko ikasleak, zer zekiten bertsolaritzaz?

AA: Zentzu horretan oso pozik nago. LHko 6. mailakoek lehenengo hiruhilekoan bertsolaritza ikasten dute eta ni hasi orduko ikasita daukate teoria. Honek eramaten gaitu zuzenean eskola praktikoekin hastera.

AL:Nolako helburuak dakartzazu ikasle hauentzat?

AA:Ikasleen jakingura piztu nahi nuke, eta ilusioa ahal den neurrian, ikastaro honekin bukatutakoan bide honetatik jarrai dezaten.

AL:Honen harira, nola ikusten duzu eskualdeko harrobia?

AA:Eskualdean nire belaunaldiko batzuk bagara, baita Bizkaiko gainontzekoetan ere, baina ez dugu ahaztu behar etorkizuna ekinean besterik ez dela eraikitzen eta horretantxe nauzue Asti Lekun, ekinaren ekinaz gure lekukoa hartuko duten neska-mutilen grina elikatzen.

 

Cristina Roy

Leave a Comment