Ikasle ohiakIkastolaren ahotsak... Argitaratuta

ARITZ AGUIARREK SEGURTASUN SAILAREN MERITU-DOMINA JASO DU

“BERE BURUA HILTZEAR ZEGOELA KONTURATU NINTZENEAN ARINEKETAN TINKO HELDU ETA ATZERA BOTA NUEN. NASAN ZEGOEN BESTE INORK EZER EGIN EZ IZANAK HARRITU NINDUEN”.

Aurreko udan, ekain aldera, Aritzek Abatxoloko metro geltokian bere buruaz beste egiten saiatzen ari zen gizon bati salbatu zion bizia eta hilabete batzuen bueltan, otsailean, Segurtasun Sailak Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren Bereizgarri Berdeko Domina eman zion.

Aritz Asti Lekuko ikasle ohia da eta ikastolan gertatukoaren berri izan genuenean harremanetan jarri ginen berarekin bizipen berezi honetaz mintzatzeko. Esan eta berehala bertaratu zen gurekin partekatzera bizi izandako hau guztia.

Asti Leku: Tamalez, honelako jokaerak ez dira askotan ikusten eta horrek ekintza bereziak bihurtzen ditu, saritzeko modukoak alegia. Zuk, ordea, ez duzu uste ezer berezirik egin duzunik, ezta?.

Aritz Aguiar “Hala da. Nik egin behar zena egin nuen, besterik ez. Ez dut kontrako jokabiderik ulertzen”.

AL: Inguruan zegoen jendea, aldiz, ez zen mugitu, gizonaren bizia arriskuan zegoela ikusita ere.

AA: Bai, harritzeko modukoa da egungo jendearen jarrera indibidualista. Gizona oihukatzen, negarrez eta mugimendu arraroak egiten bazegoen ere, hor zeuden gazteek mugikorrari begira jarraitu zuten eta, nasaren bazterrera hurbildutakoan, oinak erdi aterata zeuzkanean ere ez zuten ezer egin suizidio-saiakera ekiditeko.

AL: Zu jesarrita zeunden geltokian, sakelakoarekin ere bai?

AA: Bai, jesarrita nengoen, baina ez sakelakoarekin, geografiako apunteak errepasatzen baizik. Hasieratik eman zidan atentzioa gizonaren portaerak eta adi egon nintzen zer egingo zain. Horrexegatik arriskuaz ohartu eta berehala korrika bizian hurbildu, tinko heldu eta atzera bota nuen.

AL: Nola erreakzionatu zuen berak?

AA: Lehenengo momentuan ez zekien zer egin zuen, baina jazotakoaz ohartu zenean biziki eskertu zidan. Drogak hartuta zegoela ematen zuen eta, azaldu zidanaren arabera, garai txarra pasatzen ari zen neska-laguna utzi zuenetik. Hala ere, bere burua hil nahi ez zuela jakinarazi zidan, lapsus bat izan zela… Berriro ere eskerrak eman zizkidan.

AL:Momentu horretan konturatu al zinen zuk egindakoaren garrantziaz?

AA: Egia esan, Metrotik eskerrak emateko, batetik, eta bestetik, Segurtasun Sailetik Saria jasotzeko proposatuta nengoela esateko deitu zidatenean, orduantxe, konturatu nintzen zerbait berezia egin nuela.

AL:Segurtasun Sailak handik egun gutxira meritu domina jasotzeko izendatu zintuen, eta Metro Bilbaok zer egin zuen?

AA: Metrokoak berehala jarri ziren harremanetan nirekin eta nik egindakoa eskertzeko zenbait opari eman zizkidaten. Honetaz gain, eta hauxe da gehien pozten nauena, gertaera honen ostean kamera sistema hobetu dute.

AL: Nola hartu zuten zure familian hau guztia?

AA: Oso harro daude nirekin, baina egun horretan gertatutakoa kontatu nienean ez zidaten sinestu, berandu heldu nintzela justifikatzeko asmatutako aitzakia zelakoan, ja, ja.

AL: Hau ez da izan egoera konplikatuaren aurrean jendea laguntzera hurbildu zaren lehenengo aldia, ezta?

AA: Ez. Izan ere hiru aste arinago bi mutilen arteko borroka batean sartu nintzen separatzera haietako bat izugarrizko jipoia jasotzen ari zelako; ordukoan ere ingurukoek ez zuten ezer egin.

AL: Badirudi gaurko gazteak ez direla batere inplikatzen gainontzekoen arazoetan…

AA: Bai, hala da. Niri batzuetan burutik eginda nagoela esaten didate, baina ni ezin naiz geldirik geratu horrelakoen aurrean. Izan ere, txikitatik izan dut gustuko jendeari laguntzea eta argi eduki dut beti ertzaina izango nintzela pertsonak babestu eta sorosteko.

AL: Eta horretan zabiltza, ezta?

AA: Bai, oposizioak prestatzen ari naiz eta ilusio handia daukat.

AL: Zorte on eta mila esker Aritz!

Cristina Roy

Leave a Comment