Elkarrekin ikasiz... Argitaratuta

AMA BATEN SENTIMENDU ETA SENTSAZIOAK KONFINAMENDU GARAIAN

HASIERA BATEN, HAU GUZTIA HASI ZENEAN, EZJAKINTASUNA ETA BELDURRAREN SENTSAZIOAK IZAN NITUEN, BATEZ ERE SEMEEKIKOAK. GERO ETXEAN SARTUTA GERATU BEHAR IZAN GENUENEZ, BESTE ERA BATEAN ERAMATEN HASI NINTZEN, AGIAN GURE ETXEA BABESLEKU HARTU NUELAKO

Lehenengo hamabostaldian, askok bezala, etxea garbitzeko eta gauzak berrantolatzeko aprobetxatu nuen. Umeak pozik zebiltzan nahiz eta kalera ateratzerik eduki ez.   

Hamabostaldi horretatik aurrera gauzak zeharo aldatu ziren. Telelanean hasi nintzen, senarrak ere bere lanean ziharduelarik, bi semeei etxerako-lanekin laguntzen nien bitartean. Batek 4 lau eta besteak zazpi izateak haiekin une ezberdinetan egotera behartzen nuen.

Baten etxerako-lanak guztiz dinamikoak izaten ziren, bestearenak, aldiz, azaldu beharreko gauzak ziren eta berarekin denbora luzea eman behar izaten nuen birpasatu eta errepikatzen.

Bien lanak guztiz desberdinak, eta ama, ezin erdibitu ezta bikoiztu ere! Txikiak, dinamikak zituen egunero, eta nagusiak, azalpenak irakurmena, batuketak… etab. Hau zoramena!

Hasiera batean, lehenengo bizpahiru egunetan, errutinak  hartu arte, erotzeko modukoa izan zen dena. Kartulina batean ordutegiak ipini eta… lanean hasteko prest geunden guztiok.

Baina guztiei gertatu zaigun bezala, nire uste apalean, planifikatzen diren gauzak ez dira beti nahi dugun bezala ateratzen, eta markatutako ordutegi hori dantzan hasi zen.

Baten korreoak ez zirela heltzen, besteak EGUNEROKO dinamikak zituela…, eta tartean, telelana.

Nire ordutegia gutxi gorabehera berrantolatuta eta prest zegoelako sentsazioa izan nuenean, zas!, zer eta bideodeiak!!! Ordutegi desberdinetan, ume bakoitza bere gelakideekin, egunak ere bat etorri gabe… Eta bitartean… telelana!

Egunak pasa ahala, kalera joateko aukera izan genuen, desiratzen ari ginen momentua heldu zen! Baina, kalera atera eta berriro beldur madarikatu hori bueltatu zen, berriz ere egoera berri horretara moldatu arte.

Denbora aurrera zihoan heinean, errutinak gero eta hobeto eramaten hasi ginen, elkarrekin ariketa fisikoa egiten, kozinatzen… Eta, batez ere, naturarekin kontaktuan egoten ahal izan dugun guztietan.

Laburbilduz, nahiz eta tiobibo baten antzera sentitu, gorabeherekin, beti mantendu dugu birmoldatzeko gogoa. Semeak zelan  egokitu diren ikusita, haien urtebetetzeak konfinamenduan izanda, gehiegi kexatu gabe egonda, gurasoek esandako guztia txintxo-txitxo onartuta… Horrek indarrak eman dizkit aurrera gogotsu jarraitzeko.

Nerea Mugida,
Asti Lekuko nutrizionista

Utzi iruzkin bat