Agenda 21Ikastolaren ahotsak... Argitaratuta

AGENDA 21EKOEK, INGURUAREN ABERASTASUNA HOBETO EZAGUTU DEZAGUN, MURAL ABORIGEN IKUSGARRIA EGIN DUTE IKASTOLAN


SERANTES HITZA ENTZUTEN DUGUNEAN, BEREHALA “SANTURTZIKO MENDIA” DATORKIGU BURURA, GUZTIONTZAT EZAGUNA BAITA. BAINA, ZER DAKIGU BENETAN MENDI HONEN INGURUAN?

– Aizak!! Zer nolako galdera da hori? Ezkerraldekoa ez zara zu, ala?

– Bai, jakina! Santurtziar peto-petoa. Baina, ez diozu nire galderari erantzun…

– … eh… beno, ba… eh…

– Tira ba! Ziur nago zer edo zer jakingo duzula…

– Ba, beno, utzidazu pentsatzen… Bada, Serantes mendia Kantauri itsaso eta Abrako badiaren gaineko talaia da. Bertatik Bilboko Itsasadarra, Santurtzi, Portua, kostaldea … ikus daitezke.

– Bale, ondo zoaz, segi!

– 400 metro inguru ditu.

– Bai, 451 metro zehatz-mehatz.

– Utziko didazu nire azalpenarekin jarraitzen, mesedez!!??

– Bai, bai, jakina!!

– Hainbat kobazulo daude, Kobazulo txikia edo artzainaren kobazuloa, Kobazulo nagusia, Zaldien kobazuloa, Ermitauaren kobazuloa, Kapitainaren kobazuloa… Horretaz aparte, gogoratzen dut ikastolan Gizarte eskoletan kontatu zigutela oso leku estrategikoan dagoenez, historian zehar babesleku moduan erabili egin zela gudetako eraso militarren aurrean. Eta irakasleak egia esan zuen, eh!! Serantesera igo naizenean gotorlekuak bisitatu ditut, nahiz eta gaur egun aterpe, erakusketa-gela eta interpretazio-zentroa jarriko diren.

– Badirudi Santurtziko Turismo bulegoan lan egiten duzula…

– Zuk galdetu didazu, eta nik erantzun dizut, ez zaitez mizkina izan!!

– Ez, ez!! Barkadazu!! Jarraitu, mesedez.

– Joe!! Ez dakit zer gehiago esan ahal dizudan… Ah, bai!! Aste Santuan “Kornites” ospatzen dugu!! Pazko astelehenean mendira igotzen gara egun-pasa lagunekin edo familiarekin, oinez, noski!! Askok ogitartekoa eramaten dugu bazkaltzeko, eta beste hainbestek “kornite” deritzon opil berezia, ogia, arrautza eta txorizoz eginda dagoena.

– Ez ahaztu orain dela urte nahikotxo Ibilaldia bertan ospatu egin zela!!

– Egia!! Baina orain dela asko!! Zenbat urte dituzu ba?

– Hori ez da gura gaia… Jarraitu.

– Kar-kar-kar… Ok, ba, mendia izanda, kirola egiteko ere aukera paregabea ematen digu. Hainbat ibilbide egin daitezke “trekkinga” praktikatzeko.

– Oso ondo motel! Zerbait gehiago bururatzen zaizu?

– Datu gutxi eman dizkizula uste duzu!!?? Wikipediak ere ez lizuke horrenbesteko informazioa emango.

– Bai, zuzen zaude baina, lehen esan duzun moduan, mendi bat izanda, ez duzu zerbait faltan botatzen?

– Ba… ez.

– Ziur zaude?

– …Bai?

– Eta izaki bizidunak?

– Egia!!!!!! Behiak, ardiak, aiurri txarreko txakurrak, oso jenio txarreko oiloak, … eta halakoak ikusi ditut mendian gorako bidean, oraingoan ere zuzen! Ondo egin duzu hori gogoratzearekin.

– Bai baina, horiek ez dute balio!! Horiek guztiak abereak baino ez dira!! Gizakiok eramandako animaliak dira eta ez nengoen horiei buruz hitz egiten.

– Ba orduan, hurrengoan zehatzagoa izan eta galdera egokiak egin…

– Tximeleta 20 espezie baino gehiago dago; azeriak; orkatzak; zenbait anfibio espezie, horien artean apoak, igelak, uhandreak eta arrabioak; 30 hegazti espezie inguru; satorrak; katajinetak; erbinudeak; saguak; lepazuriak; katagorriak; narrastiak, hauen artean, ziraunak, sugeak, sugegorriak, muskerrak, sugandilak,…

– Horiek guztiak Serantes mendian daude?! Gure Serantes mendian?

– Bai

– Horren inguruan ez nekien ezer!!

– Eta zuri gertatzen zaizun bezala, hainbati ere gertatzen zaie.

– Baina, hori ez dago bat ere ondo, munduak jakin behar du gure herrian dagoen hain biodibertsitate handiko ekosistemari buruz, ezagutzeko, ikasteko, errespetatzeko, babesteko… Baina, nola egin dezakegu?

– Zer deritzozu “Mural aborigen” bat egiteari?

– Mural aborigen bat?? Eta zer da hori?? Eta noren gidaritzapean egingo genuke??

– Serantes Natur Eskolak lagunduko digu eta ez dakit deskribatzen baina, erakutsi diezazuket…

María Luisa Bengoetxea
Agenda 21

Utzi iruzkin bat